flyschtrail-85.jpg Zumaia Flysch Traila lasterketa berezia da Aitor Osarentzat. Etxe ondoan du ibilbidea, eta makina bat aldiz entrenatu da Sakoneta eta Mendata inguruko labar eta muinoetan. 2009an, debutaren urtean, hirugarren amaitu zuen; iaz bigarren izan zen. “Podiumeko postu bakarra falta zait, lehena, eta aurten lortzen saiatuko naiz”. Aurten garaipen batzuk lortu ditu dagoeneko, azkena Sopelako Kosta Trailean, baina abuztuan mendiko lasterketa uztea erabaki omen du.

Denboraldia nola joan da orain arte?

Lehen bi lasterketak irabazi nituen, Apuko igoera Gueñesen eta Sarako lasterketa. Gero, Arratzun bigarren egin nuen, eta pozik egoteko emaitza da, maila handia zegoen eta. Hala ere, orkatila bihurritu nuen eta gero hanka sartu nuen atseden hartu beharrean Azkoitiko lasterketan ateratzea erabaki nuelako. Ezin izan nuen amaitu. Ondoren Zegamako mendi maratoian laugarren izan nintzen, iaz baino denbora hobeagoarekin. Podiumetik kanpo gelditzeak pena pixka bat eman zidan –Kosta Trail irabazi berri du eta, segurunez, Azpeitiko bertikala jokatuko du Flysch Trailean parte hartu aurretik–.

Iaz zalantzak zenituen mendi lasterketen munduan jarraitu edo ez. Zalantza horiek argitu al dira?

Seguruenez azken urtea izango mendi lasterketen munduan. Abuztuaren hasieran laga egingo dut eta datorren urtean ez daukat jarraitzeko asmorik.

Zumaia Flysch Trail lasterketaren hirugarren aldia da aurtengoa, lasterketa jaioberria da ia, baina hasieratik indar handia hartu du. Zergatik?

Hiru urte hauetan izen handia hartu du. Alde batetik, leku ederrean jokatzen delako. Gainera, zorionez, orain arte eguraldi ona egokitu da. Eta bestetik, antolakuntza aldetik oso ondo dagoen lasterketa da eta hori jendeak asko eskertzen du. Jendeari ez zaio gustatzen bidea gaizki seinalizatuta egotea, dutxak ere eskas egotea… Horri asko begiratzen zaio eta Flyscharen lasterketa alde horretatik oso ondo antolatuta dago.

Ibilbidean aldaketa batzuk egin dira. Luzeagoa eta gogorragoa izango da. Zer itxura izango da aurtengoak?

Iruditzen zait iazkoa baino gogorragoa izango dela. Aurrekoetan lasterketa gogorra egiten bada, aurten are gehiago. Ondo prestatuta etorri behar da gehiegi ez sufritzeko. Berez ez dago 20 minutuko malda luzerik, denak hamar minututik beherakoak izango dira, baina igoerak sarri daude, eta sarri egoteak gorputzari ez dio lagatzen errekuperatzen eta horregatik pentsatzen dut karrera gogorra egingo dela.

Aurreko urtean aurrean ibili ziren lasterketako tarte zabal batean, baina azken txanpan Raul Garciak harrapatu eta aurre hartu zizun. Zer ikasi zenuen esperientzia hartatik?

Behar zena baino lehen eman nuela neukan dena eta Itzurungo azken igoera hartan ez neukala ezertarako indarrik. Aurten ikusi beharko da lasterketa nola doan. Ni ondo sentitzen naiz. Iaz lanak eman nizkiola uste dut. Lehen urtean hirugarren egin nuen, iaz bigarren… Aurten saiatuko naiz lehena izaten baina Raulek maila handia du eta zaila izango da.