Zuzenean egin die galdera Izaskun Zorita Aztiko ikerlariak Zumaiako Talasoren atarian bildutako 24 lagunei. “Gaur goizean jaiki zaretenetik, zenbat plastiko erabili duzue?”. Erantzunak bueltan: “Madalenaren zorroa; yogurtaren potoa; esnearen ontzia…”. Bigarren galdera: “Eta gaur soinean ekarri duzuen kirol arropa, zerez egina dago?”; “Plastikoz…”. Galdera zorrotzak Zoritarenak, lehen unetik gaiaz kontzientzia hartzeko. “Plastikoaren aroan bizi gara. Plastikoa, berez, ez da txarra, baina erabilera bakarreko plastikoek kalte handia egiten dute, are gehiago ez badira ondo kudeatzen”.

Halako sarrera eginda abiatu dira 25 korrikalariak, zortzi kilometroko ibilbidean mikroplastikoen arazoari buruz gehiago jakiteko gogoarekin. Aztiko Izaskun Zorita eta Maria Uyarra ikerlariak, eta Geoparkeko Gontzal Torre biologoa izan dituzte bidelagun, Kilian Jorneten Fundazioko kolaboratzaile Josu Ansola eta Zumaiako kirol teknikari Antxon Alberdirekin batera. Eguraldi zoragarriarekin, Zumaiako Talasotik abiatu, Santa Klarara igo, handik Elorriaga auzora, bueltan Algorrira jaitsi eta Talasora bueltatu dira, tarteka geldialdiak eginez, adituen azalpenak entzuteko.

“Mikroplastikoei dagokienez, Geoparkearen eremuan, Sakonetan daukagu arazorik nabarmenena. Han bereziki pilatzen dira plastikoak eta mikroplastikoak, haitzean dauden algen artean”, esplikatu du Geoparkeko biologo Gontzal Torre.  “Arazo hori han bertan kudeatzea ez da batere erraza. Batetik, kontu handiz egin beharko litzateke, ez direlako solte dauden algak, haitzean itsatsita bizi dira. Bestetik, ez dauka zentzu handirik, hura garbitzea lortuko balitz ere, hurrengo egunean berriro dena plastikoz ager daitekeelako, itsasoak berriro ekarrita”.

Torrek gogorarazi du plastikoen eta hondakinen arazoa munduko kostalde guztietan gertatzen ari dela, “gero eta nabarmenago”.  “Geoparkeak sentsibilizazio eta bilketa kanpainak antolatzen ditu, eta hirugarrenen ekimenez sortutako kanpainak bideratzen laguntzen du”. Konponbideari dagokionez, bere iritziz jatorrian eragin behar da. “Itsasora plastiko gutxiago iristea lortu behar da. Behin itsasoan, oso zaila da plastiko horiek biltzea eta kudeatzea”.

Ibilbidea amaituta, hamaiketakoa egin dute korrikalariek. Indarrak berritzeaz gain, bidean entzundakoaz eta ikasitakoaz solasean egiteko aukera izan dute: “Horrelako saio gehiago antolatu beharko lirateke. Denok dakigu plastikoarekin arazo handi bat daukagula munduan, baina egunerokoan pixkanaka ahaztu egiten zaigu, inertziagatik edo. Horrelako ekimenekin kontzientzia piztu egiten zaizu”, dio batek.  Laguna kezkatuta eta haserre mintzatu da mendian aurkitzen dituen hondakinekin: “Ikaragarria da. Aurrekoan ere, inguru hauetan korrika egitera irten, eta opil-marka bateko zorroak aurkitu genituen bide bazterrean, bata bestearen segidan, bide osoan zehar. Eta zenbat edari-lata eta halakoak. Zerri batzuk gara”. “Pandemiaren ondoren  askoz jende gehiago gabiltza mendian eta naturguneetan, eta beti ez dugu kontzientziarekin jokatzen. Mendi lasterketen munduan ere, gero eta elikagai gehiago daude soinean eramateko, bakoitza bere plastikozko zorrotxoarekin, eta beti ez ditugu gordetzen zakarrontzira botatzeko, askotan, bidean bota eta kitto”. Denak ere pozik azaldu dira gaurko ekimenaren formatuarekin, kirola eta aisialdia oso modu erakargarrian lotu direlako ezagutzarekin eta sentsibiliazioarekin. “Eduki berbera leku itxi batean, hitzaldi batean, ez da erakargarri egiten. Horrelako proposamen bat, berriz, oso egokia da”.

Lau ontzi, konpromiso banarekin

Aztik martxan jarri berri duen Ulysses ekimeneko lehen mezulariak izan dira gaurko 24 korrikalariak. “Programa honen helburua da jakitea hondakinak eta plastikoak nondik nora mugitzen diren gure itsasoan. Horretarako, egurrezko itsasontzi txiki batzuk sortu ditugu, eta Nerbioi, Zadorra eta Deba ibaian askatuko ditugu”, hasi da azaltzen Maria  Uyarra. “Ontzi batzuek GPSa eramango dute, guk uneroko jarraipena egiteko, eta beste batzuek mezu bat, konpromiso bat, kostaldera iristen denean jasotzen duenari zuzendua”. Ulysses ekimeneko lehen lau ontziak gaur bertan estreinatu dituzte, bakoitzean korrikalariek idatzitako mezu edo konpromiso banarekin. “Lau hauek Deba ibaiak itsasoratuko ditugu; ea noraino iristen diren”.

Antolatzaileak pozik emaitzarekin

Kilian Jornet Fundazioaren kolaboratzaile Josu Ansola pozik azaldu da saioak eman duenarekin. Mallorcako lasterketa batean ezagutu zuen berak ekimena, eta orduan otu zitzaion Zumaiara ekarri behar zela. “Flysch Traileko antolatzaileei proposatu nien eta hasieratik begi onez ikusi zuten, lasterketan honen helburua beti izan delako kirola eta ingurumenarekiko kontzientzia uztartzea”. Udaleko kirol teknikari Antxon Alberdik bat egin du Ansolaren mezuarekin: “Ekimen berritzailea iruditu zaigu. Jendeak badu korrika egiteko elkartzeko ohitura, baina horri ingurumenarekiko sentsibilizazioa gehitzea nahikoa berria iruditu zaigu. Udalaren helburuekin bat dator, eta gaur ikusi dugunarekin oso pozik eta eskertuta gaude, azalpenak eman dituzten adituei, parte-hartu duten korrikalariei eta ekimena bultzatzen duen Kilian Jornet Fundazioari”.

Izaskun Zorita / Aztiko ikerlaria

“Pentsatu behar dugu erabiltzen dugun plastiko guztia beharrezkoa ote den”

Running Minds ekimenean hartu dute parte Aztiko ikerlari Izaskun Zoritak eta Maria C. Uyarrak, plastikoek eta mikro plastikoek gure kostaldean eragiten dituzten arazoen berri emateko.

Zergatik da egokia kostaldeko ingurune hau mikro plastikoen inguruan hitz egiteko?

Badaudelako itsasoaren osasuna kolokan jartzen duten hainbat arrisku, eta horietako bat mikro plastikoen kutsadura da.

Zer dira mikro plastikoak?

Mikra batetik bost milimetrora arteko tamaina duen edozein plastiko zatiri deitzen diogu mikro plastiko. Mikra bat baino txikiagoak nano plastikoak dira.

Beraz, mikro plastiko batzuek ikusteko moduko tamaina dute.

Bai, dilista baten tamainakoak dira handienak; txikienak, hauts partikula baten neurrikoak, eta azken horiek begi bistara ez dira nabaritzen.

Nola sortzen dira mikro plastikoak?

Batzuk primarioak dira, alegia, industriak ekoizten ditu gero plastikozko edozein produktu egiteko. Perlatxoen modukoak dira. Bestetik, bigarren mailakoak daude, alegia, plastiko zati handiagoak puskatuta edo zatituta sortu direnak. Plastiko zati handi bat iristen denean itsasora, pixkanaka desegiten hasten da. Badakigu oso erresistentea dela plastikoa, baina talken bidez, olatuen bidez, gazitasunaren eraginez, mikroorganismoek eraginez, pixkanaka, degradatu egiten dira eta zatitxoak sortzen dira. Hauek dira kudeatzeko zailenak.

Eta zer arazo eragiten dituzte mikro plastikoek itsasoko ekosistemetan?

Hiru motako arazoak ikusi ditugu. Batetik, efektu fisikoak, batez ere plastiko handien kasuan. Ohikoa da animaliak itotzea sare edo plastiko zatiekin kateatuta, hegazkiak askotan hegan egin ezinik gelditzen dira, eta arrainei ere igeri egitea oztopatzen die; baleek plastiko zatiak irensten dituzte, ase sentitzen dira, ez dira elikatzen eta hil egin daitezke. Bestetik, ondorio kimikoak daude. Oharkabean gertatzen da, baina plastikoek elementu kutsatzaileak dauzkate osagaien artean, eta hauek pixkanaka askatu egiten dira itsasoan eta kaltea eragiten dute. Azkenik, efektu biologikoa, askotan plastiko zatietan mikroorganismoak itsasten dira, patogenoak edota beste organismo inbaditzaile batzuk.

Aztin urte asko daramatzazue plastikoek itsasoan eragiten duten kaltea ikertzen.

Urte asko daramatzagu mikro plastikoak ikertzen, bai; batez ere, jakin nahi dugu non sortzen diren, nondik datozen, zer ibilbide egiten duten itsasoan eta nora iristen diren, non pilatzen diren. Hori guztia jakin beharra dago, gero neurriak hartzeko eta ondo kudeatzeko.

Horri lotuta, kostaldeko gune zehatz batzuk ari zarete ikertzen, horien artean, Itzurungo hondartza.

Ulysses programa deitzen da, eta helburua da jakitea non pilatzen den plastikoen kutsadura. Horretarako, itsasadar batzuk (Debakoa tartean) eta hamar hondartza ari gara monitorizatzen, bost Bizkaian eta beste bost Gipuzkoan, tartean Itzurungoa. Horretarako kamera batzuk dauzkagu, kuantifikatzeko flotatzen datorren plastiko guztia. Datuak biltzen ari gara, arazoaren tamaina ezagutu eta ondoren neurriak hartzeko.

Ulysses programak badu beste parte bat, sentsibilizazioarekin zerikusia duena, ezta?

Bai, batez ere haurrei zuzendua. Egurrezko itsasontzi txiki batzuk egin ditugu, eta haurrek egin behar dutenak da ontzi horiek margotu eta konpromiso bat idatzi; adibidez, “astebete pasako dut plastikorik erabili gabe”. Ontzi horiek ibaietan eta itsasoan askatuko ditugu, monitorizatzeko zer bide egiten duten eta non azaltzen diren (batzuk GPSa eramango dute). Kostaldera iristen direnean, aurkitzen duenak ikusiko du ontziak zenbaki bat duela eta web helbide bat. Web orrian sartu, zenbaki hori erregistratu, eta ontzia eraman beharko dute Decathlon denda batera, eta han ikusiko dute ontzi horrek balioren bat baduela…

Opari bat, alegia…

Bai, hori da.

Eta helduok zer egin dezakegu?

Lehenik eta behin, pentsatu behar dugu erabiltzen dugun plastiko guztia beharrezkoa ote den, erabilera bakarreko plastikoak beharrezkoak ote diren. Guk minutu bateko erabilera emango diogu, baina gero plastiko horrek urteak eta urteak iraun ditzake naturan. Pixkanaka degradatzen hasiko da, zati txikitan egingo da, mikro plastikoak sortuko dira eta gure osasunean ere eragina izan dezakete, elikaduraren bidez. Eta, bestetik, ondo kudeatu erabiltzen dugun plastikoa.

Hondartzara gatozenean, haserretu egiten gara algen artean gero eta plastiko zati gehiago ikusten ditugulako.

Bai, baina plastiko hori gurea da, geuk sortutakoa eta gure erruz iritsi da itsasora.