Sebastian Alvaro: “Euskal mendizaletasun modernoa ezin da ulertu ‘Al filo’ saioa gabe”
Muturreko abenturari buruzko ‘Al filo de lo imposible’ telebista saioko zuzendaria izan zen 28 urtez. Uztailaren 5ean omenaldia egingo dio Flysch Trail mendi lasterketak.
Muturreko abenturak kontatzea izan da beti bere pasioa: «Lehen pertsonan bizitako abenturak, askoz dibertigarriagoa da eta». 1980eko hamarkadaren hasieran hasi zen telebistarako abenturari buruzko dokumentalak egiten, ‘Al filo de lo imposible’ saio entzutetsua sortu zuen, eta 28 urtez 200dik gora espedizio antolatu zituen munduko bazter ezkutuenetara. Hiru hamarkadaz harreman oso estua izan du euskal mendizale handienekin. Omenaldia jasotzeaz gain, hitzaldia emango du uztailaren 3an (Aita Marin, 19:00etan).
Zein da zure bizitzan gogoratzen duzun lehen abentura?
Sei urte nituela amarekin haserretu nintzen, eta etxetik alde egin nuen, amonak emandako bost pezetako txanponarekin. Bazkalorduan sekulakoa egonezina sortu zen etxean, umea falta zelako… Errepide bazter batetik nindoan, oinez, Guardia Zibilak aurkitu ninduenean. Niretzat hura sekulako abentura izan zen.
Noiz erabaki zenuen muturreko abenturak bizi eta kontatu nahi zenituela?
TVEn egiten nuen lan informatiboetan, baina mendizalea ere banintzen. Lagun batek eskaini zidan dokumental txiki bat egiteko aukera eskaladari buruz. Lan hark saria lortu zuen eta orduan aldatu zitzaidan bizitza. Himalaiara joateko eskaintza egin zidaten eta ez nuen zalantzarik izan. Informatiboak utzi eta lehen dokumentala grabatzera joan nintzen. 1981ean izan zen hura.
Hura izan al zen ‘Al filo de lo imposible’ saioaren hazia?
Hala da, ondoren dokumental gehiago egin nituen, eta 1984an proposatu nuen dokumental sorta bat egiteko proiektua eta onartu egin zidaten. 1985eko urtarrilean hasi ginen grabatzen. Guztira, 200dik gora espedizio eta 300dik gora dokumental egin ditugu, mundo osoan.
Zer ekarpen egin dio saioak abenturari, telebistari eta mendizaletasunari?
Hori denborarekin jakingo da hobeto, baina nik uste dut Europako pentsamendu modernoarekin zerikusia duten kontzeptuak berreskuratzen lagundu duela: erromantizismoa, ilustrazioa, paisaiaren defentsa eta muturreko abentura. Telebistari dagokionez, dokumentalaren zorroztasuna eta hausnarketa izan dira funtsezkoak, gaur egungo produktuen arinkeriatik oso urrun. Eta abenturaren ikuspegitik, uste dut tresna ezinbestekoa izan dela XX. mendeko belaunaldi onena lora dadin.
Euskal mendizaleek protagonismo handia izan dute zure saioan.
1981ean hasi ginen lanean euskal mendizaleekin, maila handia zutelako. Harreman hori sendotzen joan da eta elkar elikatu dugula esango nuke. Euskal mendizaletasun modernoa ezin da ulertu ‘Al filo’ saioa gabe, eta ‘Al filo’ ezin da ulertu euskal mendizaleen parte-hartzea gabe. Gure espedizioetan 2.000tik gora lagunek hartu dute parte eta bik baino ez dute bizitza galdu; biak euskaldunak ziren, Atxo Apellaniz eta Xabi Iturriaga, eta hori ere ez dut inoiz ahaztuko.
Saioa bertan behera utzi zuen TVEk, hainbat urte eta gero. Zer abentura gelditu zitzaizuen bete gabe?
Proiektu asko gelditu ziren bete gabe, baina gure asmoa da haietako batzuk gauzatzea. Azarotik aurrera berriro telebistara itzuliko naiz. Adibide bat esatearren, Makaluko mendebaldeko tontorra gelditu zaigu pendiente. Bi aldiz saiatu gara.
Euskal mendizaleekin bizi eta inoiz ahaztuko ez duzun uneren bat?
Joanito [Oiarzabal] eta Edurneren [Pasaban] erreskatea K2n, 2004an. Guretzat K2ra igotzea oso garrantzitsua zen. Lehen ere igo genuen baino ezin izan genuen gailurra grabatu. 2004an bai. Jaitsiera oso gogorra izan zen. Gogoan daukat Joanitoren irudia beheko kanpalekura iritsi eta kanpin dendan sartzen, erabat jota. Baina kapaz izan ginen 48 orduan erreskate operazio bikain bat antolatzeko, denon ahaleginari esker. Horrekin gelditzen naiz, elkartasunarekin.
Zumaian omenaldia egitea ez zenuen esperoko…
Atsegin handiz hartu dut. Sari asko jaso ditut, baina beti herritarren maitasunarekin gelditzen naiz, hori da jaso dezakedan saririk handiena.