Zumaia eta Geoparkea

Zumaiako itsaslabar ikusgarriak dira munduko geologia-santutegirik garrantzitsu eta ezagunenetako bat. Geruza ia bertikal horiek osatzen dituzten harriak duela milioika urte eratu ziren, itsas hondoan pilatutako sedimentuei esker. Pirinioak altxatu izanak eta itsasoaren etengabeko higadurak agerian utzi dituzte gure planetaren iraganeko 50 milioi urte; geruzaz geruza definituak, historia-liburu handi batean bezala. Geruzak eta haietan aurkitutako fosilak aztertuz, Lurraren historian ongien gordetako zenbait sekretu jakingo ditugu: nolakoak diren klima-zikloak, nola erori zen dinosauroak desagerrarazi zituen meteoritoa, nolakoa den azken berotzen global handia… Mundu berri oso bat, denboran bidaia zoragarria eginez ezagutzeko.

Geologia-altxor horrez gain, Bizkaiko golkoko zenbait eraketa eta ekosistema aipagarri biltzen ditu Zumaiak. Esate baterako, Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgune ikusgarria -biotopo babestu izendatua-, Santiagoko dunak, San Migeleko artadia eta Beduako uharte- eta padura-multzoa.