Edurne Pasaban eta bere espedizio-kide izan diren Alex Txikon eta Asier Izagirre mendizaleak omenduko ditu aurten Zumaiako II. Flysch Mendi Lasterketak. Maiatzaren 17an Shisha Pagmara igo ondoren, munduko hamalau zortzimilakoak zapaltzen munduko bigarren emakumea izan da Edurne Pasaban mendizale tolosarra. Zeregin horretan azken igoeretan bidelagun izan ditu Alex Txikon eta Asier Izagirre mendizaleak, eta Zumaiako II. Flysch Trail mendi lasterketak hirurei omenaldia egingo die probako egunean, uztailaren 11n. Izan ere, Zumaia Flysch Trail lasterketak urtero mendiarekin lotutako kirolari bat omentzeko konpromisoa hartu zuen iaz, lehendabiziko edizioan. Aurreko urtean, Patxi Usobiaga eskalatzailea omendu zuten eta aurten.

Proba hasi aurretik, 9:45ean, aurreskua dantzatuko diete Pasaban, Txikon eta Izagirreri, eta Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagarekin batera moztuko dute probari hasiera emango dion zinta. Horrez gain, omendutako mendizaleek Keixeta eskultorearen garaikurra jasoko dute Zumaiako Udalaren eskutik. Merezimendu osoko omenaldia izango da, inondik ere.