Aranberri eta Urritegi, Zumaia Flysch Traileko proba nagusiko irabazleak
Gaur, urriak 3, jokatu da Zumaia Flysch Trailaren 17. edizioa, eta Amets Aranberri eta Leire Urritegi izan dira 24 kilometroko proba nagusiko garaileak. Aranberrik 1:45:23ko denborarekin zeharkatu du helmuga, eta Urritegik 2:10:28 behar izan ditu proba osatzeko.
Aranberri izan da lehenengoa helmugara iristen. Korrikalari zestoarra hasieratik aurrean joan da eta hamar minutuko aldea atera dio bigarrengoari. Bigarren sailkatua Jokin Gijarro zumaiarra izan da, eta 1:55:18ko denbora behar izan du. Hirugarren, berriz, Eñaut Urdanpilleta izan da, 1:57:20ko denborarekin
Emakumezkoen artean, Urritegi izan da azkarrena. Oiartzuarrak lau minutuko aldea atera dio bigarren sailkatuari, Bidania-Goiatzeko Irene Iturriari, 2:14:42ko denbora behar izan du hark, eta hirugarren, berriz, Amagoia Iribar oriotarra izan da 2:23:56 denborarekin.
24 kilometroko ibilbideak 1.008 metroko desnibel positiboa izan du, eta korrikalariek Zumaia eta inguruko itsaslabarrak, flyscha, basoak eta mendiko bideak zeharkatu dituzte. Ibilbideak 2024an ezarritako trazatuari eutsi dio aurten ere; tartean, Ardantzatik Santa Klarara igotzen den zatia eta Mendata puntaraino iristen den ibilbidea.
Lehen aldiz, larunbatez
Aurtengo edizioak berrikuntza nagusi bat izan du: Zumaia Flysch Trail lehen aldiz larunbatez jokatu da. Horrek lasterketaren inguruko giroa ere kalera eraman du, korrikalariak ez ezik, herritarrak eta bisitariak ere lasterketaz gozatzera hurbildu baitira.
Guztira, 650 korrikalari baino gehiago elkartu dira bi probetan, eta emakumeen parte-hartzea inoizko handiena izan da: parte-hartzaileen %45 emakumeak izan dira, iazko kopurua bikoiztuta. Gainera, korrikalarien %43 Zumaiakoak izan dira.
Aurtengo beste berrikuntzetako bat ingurumenarekin lotuta egon da. Anoa-guneetan ez da erabili eta botatzeko edalontzirik izan, eta parte-hartzaile bakoitzak bere edalontzia, kantinplora edo beste edateko ontzi bat eraman behar izan du.
Helmugara iritsi ondoren, Beheko plazan izan da eguneko beste gune nagusietako bat. Bertan, korrikalariek eta boluntarioek jan-edanaz eta festa giroaz gozatzeko aukera izan dute, lasterketari amaiera kolektiboa emanez.
Aurtengo Zumaia Flysch Trail, beraz, kirol erronkaz gain, parte-hartzea, herritarren inplikazioa eta festa uztartu dituen jardunaldiarekin amaitu da. 225 boluntario ingururen lana ere ezinbestekoa izan da lasterketa behar bezala garatzeko.
