Ana Conde eta Oihana Kortazar: “Beldurrik handiena batak besteari diogu”
Uztailaren 22an, 10:00etan, tentsio betean izango dira bi korrikalariak. Ezuste handirik ezean, bietako batek irabaziko du Flysch Trail lasterketa. Aurreneko aldian, Oihana Kortazarrek irabazi zuen, eta hurrengo bietan, Ana Condek.
Elkar ondo ezagutzen dute. Ez dago sekreturik bien artean. Argi eta garbi hitz egiten dute. Asko estimatzen dute Flysch Trail lasterketa, eta, aurten, biak lehiatuko dira. Bien artean irabazi dituzte aurreko urteetako hiru probak: lehen urtean, Oihana Kortazarrek; beste bietan, Ana Condek. Oso pozik etortzen dira Zumaiara korrika egitera, eta elkarrizketa hau egitera ere herrira etorri ziren, borondate guztiarekin.
Aurreneko urtean, zuk irabazi zenuen, Oihana, eta azkeneko bietan, zuk, Ana. Aurten Oihanari tokatzen zaio orduan?
Oihana Kortazar: Berdinketa egoteko bai, nire txanda da aurten. Lasterketetan, elkarrengandik gertu ibiltzen gara, eta Zumaiakoa berarentzat egokia da, azkarra delako zirkuitua. Gainera, hemengoaren aurretik lau lasterketa gehiagotan izango naiz. Uztailaren 20an, bi egun lehenago, Italian ariko naiz korrika, Dolomitetan, eta larunbat goizean hartuko dut abioia hemen parte hartzeko.
Zumaiakoa, orduan, erlaxatzeko lasterketa izango da zuretzat?
O.K.: Erlaxatzekoa ez dakit izango den, baina geroko bazkarira gogo handiarekin joango naiz [barrezka].
Ana, presioa sartzen ari zaizu, faboritoa zarela esanez.
Ana Conde: Horiek dira gure kontuak. Azken batean, biok gara oso lehiakorrak. Estimulatzeko balio digu, lasterketan dena emate aldera.
Zer moduzko sasoi puntuan helduko zara Zumaiara?
A.C.: Lasterketaren aurretik ez naiz Oihana bezala ibiliko. Gero, denboraldi honetan minez-eta nabil, eta ezin dut lasterketa askotan parte hartu. Entrenamenduetan nago buru-belarri sartuta, ahalik eta ondoen egoteko. Lanzaroteko proban, Espainiako Kopakoan, gustura aritu nintzen, baina lan gehiago egin nahi dut, ziurtasun handiagoa edukitzeko.
Garailea zuetakoren bat izango da ala besteren bat azalduko da?
O.K.: Espainiako Kopako proba denez, Lanzaroten atera ginenak izango gara, gutxi asko. Beti azaltzen da espero ez duzun norbait, baina Zumaian, beldurrik gehiena Anari diot.
A.C.: Eta nik berari, ez dut gezurrik esango.
Elkar ondo ezagutzen duzue, eta ez dago sekreturik zuen artean. Kontatzea ba al duzue nolako estrategia erabiliko duzuen lasterketan?
A.C.: Ezberdinak gara, ni leku batzuetan azkarrago ibiltzen naiz, eta berak besta batzuetan. Bera oso ona leku teknikoetan, jaisten eta, saiatuko da jaitsieretan ni atzean uzten. Baina Zumaiakoa ez denez oso teknikoa, saiatuko naiz bere inguruan mantentzen.
O.K.: Lehen horixe esan nahi nuen, Zumaiakoa ez dela oso teknikoa, aldapa handirik ez dago. Jaitsierak ere ez dira teknikoak, eta horregatik da berarentzat egokia. Baina biok egin beharko dugu lasterka ona [IA1] irabazteko.
A.C.: Azkenean, aurretik eduki dezakezu asmoren bat lasterketako estrategiaren inguruan, baina gero, korrika ari garela zehazten da zer egin eta zer ez. Adibidez, iaz, hezetasunak eta beroak kalte handiagoa egin zidan lasterketak berak baino. Orduan, eragina duten faktoreak agertzen dira, eta ezusteak izan daitezke.
Denboraldi honetan, zein doa aurretik bion arteko ‘borroka’ horretan?
O.K.: Ez gara askotan aritu batera. Hirutan edo?
A.C.: Bai, hor nonbait.
O.K.: Azpeitiko kilometro bertikalean eta Lanzaroten lehiatu ginen, eta aurretik, Cuencan.
Zein aurretik?
O.K.: Hiruretan nik irabazi diot, baina bitan bera izan da bigarren. Esan nahi dut gertu izan dudala.
A.C.: Ezin izan dut nahi beste entrenatu lesioengatik, eta amorrua ematen dit. Badakit bera nola dabilen, baina borroka gustatzen zait.
Zergatik da berezia Zumaiako lasterketa?
O.K.: Etxe ondoan delako, eta ezohiko zirkuitua delako. Askotan bidaiatu behar izaten dut, eta etxe alboan izatea, batere bidaiatu gabe, eskertzekoa da.
A.C.: Urtero etortzen naiz. Ibilbidea eta ingurunea ikusgarria da, eta trazatua ere berezia. Eta gero, ez zait inoiz ahaztuko nola hartu ninduten hasiera-hasieratik.
Zumaiako lasterketan egoten den giroa beste lekuetan ere egoten al da?
O.K.: Helmuga dagoen lekuan, kale estu horretan, giro berezia izaten da. Zumaian eta inguruan kirol zaletasun handia dago, eta horrek ere laguntzen du giroan. Gustatu egiten zaio jendeari korrikalariak animatzea. Ikusteko ere leku askotara joan daiteke, eta ona da zaleentzat erraztasun hori edukitzea. Aukera asko dauzka Zumaiakoak halako giroa izateko.
A.C.: Hemen mendiko lasterketetan dagoen giroaren falta sumatzn dut Gasteizen. Eskertu egiten da hemengo berotasuna jasotzea.
Flysch Traileko inguruetan ibiltzen al zarete entrenatzen?
O.K.: Ez dut ohiturarik, nahiz eta etxe ondoan eduki. Lanagatik eta familiagatik oso tarte txikiak dauzkat entrenatzeko, eta mugitzeko aukera asko ere ez daukat. Ohitura falta da.
A.C.: Nik ez dut Oihanaren ardurarik; esan nahi dut, ez daukat seme-alabarik, eta etxe inguruan ibiltzen naiz, ordu pare bateko buelta emateko aste barruan. Gero, asteburuan, saiatzen naiz batera eta bestera jotzen, eta hezetasuna dagoen lekuetara joaten naiz batzuetan, hona ez bada, beste nonbait.
Denboraldiko helburuak betetzen ari al zarete?
O.K.: Oraingoz, bai. Zegama-Aizkorri nuen helburutzat, eta irabazi egin nuen. Espainiako Kopan ere ondo nabil.
A.C.: Nire helburuak apalagoak dira. Espainiako Kopako probetan ia nahi gabe sartu nintzen, eta hor nabil. Gauzak egin ahala joango naiz beste helburu batzuk jartzen datorren denboraldiari begira.
Zergatik egiten duzue korrika mendian?
O.K.: Lau urte daramatzat mendian lasterka. Elgetakoa izanik, mendia asko gustatzen zait. Oinez askotan joaten nintzen, herriko mendi taldearekin. Egun batean, Mutrikura bizitzera joan eta gero, Arnoko mendi lasterketan atera nintzen, eta horrela hasi nintzen. Gustatzen zait neure burua sakrifikatzea, nekatzea, eta mendian oinez ibiltzeak ez zidan hori ematen. Eta korrika hasi nintzen.
A.C.: Txakurra ekarri nuenean, oso deserosoa zen errepidean lasterka ibiltzea. Eta mendialdera jo nuen, Gasteiz ingurura: Zaldiaran aldera, Gorbeiara… Lagun batek esan zidan zergatik ez nintzen joaten mendiko lasterketa batera. Niri ere gustatzen zait neure burua sakrifikatzea eta nekatzea, eta Gasteizko Hamar Mendien proban atera nintzen. 60 kilometro ziren, eta oso gustura egin nuen Gero, lasterketak aukeratzen hasi nintzen, politenak zirenak-eta. Oihana bezala, ni ere duela lau bat urte hasi nintzen mendian lasterka.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest