Flysch Traileko errekorra ondu dute Becerrak eta Maiorak
Orain arteko ediziorik azkarrena izan da 2014ko Zumaia Flysch Trail. Walter Becerrak minutu eta erdian ondu du gizonezkoen markarik onena, eta Maite Maiorak ia hiru minutu kendu dizkio orain arteko errekorrari.
Duela bi urte goi mailako markak ezarri zituzten Zaid Aidek eta Oihana Kortazarrek, baina gaur alde handiarekin ondu dituzte aurtengo irabazleek. Gizonezkoetan 2:19:06koa zen erronka, eta Walter Becerrak 2:17:32an gelditu du erlojua. Ikaragarria Sestaokoaren marka. Are lasterketa ikusgarriagoa egin du Maite Maiorak. Oihana Kortazarrek 2:40:56 behar izan zuen 2012an ibilbideko 31,2 kilometroak osatzeko; gaur Maioraren denbora 2:38:06koa izan da. Ia hiru minutu azkarrago.
Iazko hezetasuna gogoan, beroaren beldur ziren gaur korrikalariak, baina, eguzkiak gogor jo duen arren, itsasoko haizeak leundu die sufrimendua. Korrikalariak oso ondo prestatuta etorri dira eta bidean zehar edariekin eta jatekoekin zeuden postuei esker ez da aparteko arazorik izan. Lasterketa nagusia, 31,2 kilometrokoa, goizeko 10:00etan hasi da, Zumaiako Eusebio Gurrutxaga plazan. Ingurua berritzeko egiten ari diren obrak medio, aurten irteera San Jose auzorantz izan da, San Juan Egoitzaren atzetik pasa eta Arritokieta kaletik Erriberara jaisteko. Handik aurrera, ohiko ibilbidea osatu dute.
Lasterketa oso azkar hasi da, erritmo bizian. Santa Klarako aldapa, ibilbideko lehena, ilara luzean igo dute, eta ordurako tarte txiki batzuk zabaldu dira. Walter Becerra irabazleak lehen unetik gogortu nahi izan du erritmoa: “Hasiera hasieratik nahi nuen erritmo azkarra ezarri, eta lasterketa osoa izan da bizi-bizia”. Euskal Selekzioko korrikalari Hassan Ait Chaou izan du lagun lasterketa buruan Mendataraino, baina handik aurrera bakarrik jo du Becerrak. Hassanek makalaldia izan du lasterketaren bigarren partean, eta urtero maila bikaina ematen duen Toni Roldan balearrak hartu du bigarren postua. Hala ere, Becerrak tartea handia ireki du: Errotaberrin, 18. kilometroan, minutu eta erdi ingurukoa zen aldea. Eta handik helmugara ez du txakalaldirik izan. Ederki eutsi dio erritmo biziari eta hiru minutuko aldea atera dio helmugan Toni Roldani.
Emakumeen lasterketan, Ana Conde gasteiztarrak hartu du hasieran lasterketaren burua. Condek badaki zer den Flysch Traila irabaztea. Ibilbide egokia da beretzat, oso azkarra, eta saiatu da hasieratik tartea zabaltzen. Maite Maiora mendarotarrak lasaiago hartu ditu lehen kilometroak. “Banekien lasterketa hasieran denbora pixkat galduko nuela, niretzat hasiera biziak ez baitira oso egokiak, baina lasai joan naiz, banekielako aurrera egiteko aukera iritsiko zela aurrerago”. Eta hala izan da. Pixkanaka burura gerturatu da eta lasterketako bigarren zatian alde handia atera dio Ana Conderi. Lau minututik gora atera dizkio helmugan.
“Pena eman dit bukatu denean”
Maite Maiora oso pozik agertu da helmugan. “Niretzat poz handia da etxetik hain gertu irabaztea. Hemendik 15 kilometrora bizi naiz eta oso ondo ezagutzen ditut paraje hauek, baina oraindik ere liluratzen naute. Zoragarria da. Lasterketan oso ondo sentitu naiz, gero eta hobeto kilometroek aurrera egin ahala, eta, egia esan, pena eman dit bukatu denean”. Flysch Traila irabazita, Espainiako Kopako sailkapen nagusiko lehen postuan da Maiora, lasterketa bakarraren faltan. Zumaian hirugarren egin duen Eva Maria Ortiz dago bigarren postuan.
Walter Becerra ere oso gustuta zegoen lasterketa amaiatu berritan. Dopinagatik zigorra bete berria da eta Zumaiakoa izan du lehen lasterketa. “Garaipen honek indarra emango dit entrenatzen jarraitzeko. Errekorra ere egin dut eta hori ezusteko atsegina izan da”. Gaur dopin kontrola pasa behar izan dute parte-hartzaileetako batzuek, tartean podiuma lortu dutenek.
Ibilbide motzeko lasterketari dagokionez, Guillermo Perez eta Itsaso Leunda izan dira azkarrenak.
Omenaldia irteera aurretik
Lasterketari hasiera eman aurretik omenaldia egin zaie Alberto Zerain mendizaleari, eta azken urtean hil diren Benantxio Irureta eta Pako Iriondori. Andoni Egañak bertsoak kantatu dizkie eta oroigarri bana jaso dute omenduek. Irureta eta Iriondoren kasuan, senitartekoek jaso dituzte.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest