Zumaia Flysch Trail lasterketako anoa guneak, zehaztuta
Aurtengo Zumaia Flysch Trail lasterketak bi ibilbide izango ditu, bata 14,9 kilometrotakoa eta bestea, 22,75 kilometrokoa. Ibilbide motza lehenbizikoz antolatu dute aurten, eta luzeak, aldiz, berrikuntzak ditu, gune berrietatik igaroko baita. Hala, hornidura taldeko kideek aldaketak egin behar izan dituzte anoa guneetan. Aldaketa horiek guztiak ezagutzeko, taldeko kide den Karlos del Pilarrekin hitz egin dugu.
Hark azaldu duenez, Elorriagan izango da lehenbiziko anoa gunea, eta ibilbide luzerako nahiz motzerako balioko du: “Izan ere, ibilbide motzean, lehen anoa gune hori igarota, eta itzulerako bideari ekitean, bigarren anoa gunea ere Elorriagako hori dute korrikalariek. Jarraian, hirugarren anoa gunea San Telmo ermitan dute. Beraz, ibilbide motzean guztira hiru anoa gune daude, eta horiei lasterketaren amaierakoa gehitu behar zaie”.
Ibilbide luzeak, aldiz, bide desberdina izanagatik ere, hasierako anoa guneak motzekoaren berdinak dira; Elorriagakoa adibidez. “Aurtengo ibilbideari Mendata gehitu zaionez, Mendata jaistean izango dute bigarren anoa gunea. Elorriagakoa 4,5 kilometrotara dago, eta Mendatakoa 9 edo 10 kilometroan dago. Ondoren, Zumaiarako bidean Errota Berri aldera joango dira korrikalariak zati berri batetik, eta Errota Berriko aldapa igotzen hasi aurretik anoa gune berria izango dute. Gero, Arantza aldera hartuko dute korrikalariek, eta Elorriagara iritsitakoan, hasierako anoa gune bera izango dute, eta azkenik, San Telmo ermitakoa”, zehaztu du Del Pilarrek.
Janaria eta edaria
Anoa guneetan janaria eta edaria izango dute eskura korrikalariek, baina ez guztietan. “Errota Berriko gunea jaitsiera baten ondoren dator, eta gainera, beste bi anoa gune oso jarraian ditu, beraz, likidoa aurkitu ahalko da batik bat. San Telmo ermitakoan ere berdin, produktu likidoak izango ditu, amaiera delako eta Talaimendi igotzea bakarrik faltako zaielako korrikalariei.Gainontzekoetan, produktu likidoak eta solidoak izango dituzte. Helmuga iritsitakoan, berriz, beheko plazan kokatzen den anoa gunean denetarik izango dute”, azaldu du hornidura taldeko kideak.
Anoa guneek duten garrantzia lasterketetan handia da, batik bat edariek, hidratatzearen arlotik begiratuz gero. “Egunaren arabera asko aldatzen den arren, inguru hezea da gurea, eta horrek asko baldintzatzen du. Azken aste hauetan ikusi dugu, %90eko hezetasun maila izan dugu, eta nahiz eta eguna eguzkitsua ez izan, asko izerditzen da korrikalaria, eta galdutako likido hori berriz jasotzea ezinbestekoa da. Horregatik, anoa guneetan ura eta isotonikoak eskaintzen ditugu. Solidoetan, berriz, pizgarriak dira: platanoak, txokolatea, barrak… Egia da gaur egun, korrikalari askok beren jatekoa eramaten dutela, baina erosotasuna ere garrantzitsua da eta hori lehenesten dutenek, anoa gunetan izango dute aukera. Are gehiago, lauzpabost kilometroero gune bat izango duzula jakitean”.
Mentalki ere lagungarriak dira anoa guneak; zenbait tramotan jenderik ez baita egoten, eta anoa guneetan jendea egotea eta animoak jasotzea eskertzekoa da: “Korrikalariek lasterketa egiten dute, baina anoa guneetako boluntariorik gabe zailagoa eta gogorragoa egingo zen guztia, eta beraz, eskertzekoa da laguntza dena”, amaitu du.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest