Emakumeen parte-hartzea indartzeko asmoz, aurten berriro emakumeei zuzendutako entrenamendu saioak antolatu ditu Indamendi Mendi Bazkunak. Guztira, 12 entrenamendu prestatu dituzte, sei lasterketa motza prestatzeko eta beste sei lasterketa luzerako, eta lehendabizikoa bihar, larunbata, izango da.

Iazko saioetan egin bezala, parte-hartzaileak Lubaki kiroldegitik abiatuko dira, 8:00etan. Lasterketa motzerako entrenatu nahi dutenek zazpi kilometroko ibilbidea egingo dute, 170 metroko desnibel positiboa izango du.

Lasterketa luzea egin behar dutenek, aldiz, hamar kilometroko ibilbidea egingo dute, 250 metroko desnibel positiboarekin. Bi saioek 80 minutu iraungo dutela aurreikusi dute arduradunek. Emakumeei bideratutako saioak izan arren, gizonezkoek ere parte hartzeko aukera dute.

Dortsalak zozketan

Guztira, lau entrenamendu saiotan parte hartzen duten emakume guztien artean Zumaia Flysch Trail lasterketarako 15 dortsal zozkatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun Sailak.