Astebete eskas falta denean aurtengo Zumaia Flysch Trail, azken entrenamendu saioa egingo da larunbatean, irailak 26. Lasterketa prestatzeko azken entrenamendu irekia 08:00etan hasiko da, Lubaki kiroldegitik, eta nahi duenak izango du bertaratzeko aukera, generoa edozein izanda ere, eta aurrez ez da izena eman beharrik. Hori bai, adin txikikoak heldu batekin joan beharko dute.

Korrikalariek lasterketako bi ibilbideak egiteko aukera izango dute saio honetan. Hala, ibilbide luzekoek hiru ordu inguruko itzulia egingo dute, eta motzekoek, aldiz, bi ordukoa. Entrenamendu saio luzeak izango dira, beraz, parte hartzen dutenek saioan zehar behar izango dituzten jakiak eta edariak eramatea gomendatzen da.

Ibilaldia amaitutakoan, eta korrikalariak behar bezala hornitzeko anoagunea izango da, Lubaki kiroldegian, eta bertan dutxak ere egongo dira parte hartzaileen eskura.