Emakumeen inoizko parte-hartze handiena izango da 17. Zumaia Flysch Trail lasterketan
Hurrengo larunbatean, urriaren 3an, Zumaia Flysch Trailaren 17. edizioak 650 korrikalari baino gehiago elkartuko ditu. Aurtengo hitzorduak, gainera, badu bereziki nabarmentzeko moduko datu bat: parte-hartzaileen %45 emakumeak izango dira, lasterketaren historian izan den emakumezkoen parte-hartzerik handiena.
Dortsal guztiak agortuta, Zumaia Flysch Trailek mendiko lasterketen egutegian bere lekua egin duela baieztatu du. Aurten, gainera, emakumeen presentzia nabarmen handitu da: iazko edizioarekin alderatuta, emakumezko korrikalarien kopurua bikoiztu egin baita.
Kirolaz harago, ordea, Zumaia Flysch Trailaren bereizgarrietako bat bertakoen parte-hartzea da. Aurtengo korrikalarien %43 zumaiarrak izango dira. Herria eta inguruko mendiak ondo ezagutzen dituzten korrikalariak zein lehen aldiz gure ibilbideetara etorriko direnak elkartuko dira irteera lerroan.
24 edo 14 kilometro: zein da zure erronka?
Flyscharen paisaia paregabea izango da berriro ere lasterketaren protagonista. Bi distantziatan banatuta, korrikalariek Zumaia eta inguruko txoko ezagunenetatik zein ezkutuenetatik egingo dute aurrera.
Proba nagusiak 24 kilometro izango ditu, 1.008 metroko desnibel positiboarekin. Erronka horri 9:30ean ekingo diote parte-hartzaileek. Ibilbide laburrak, berriz, 14 kilometro eta 487 metroko desnibel positiboa izango ditu, eta 10:00etan emango zaio irteera.
Bi ibilbide, bi erronka eta paisaia bera: itsaslabarrak, flyscha, basoak eta Zumaia inguruko mendi-bideak. Lasterketaren ezaugarri nagusietako bat da kirol-erronka paisaia eta ondare geologikoarekin uztartzea.
Larunbatez
Aurtengo edizioak badu berritasun nabarmen bat: Zumaia Flysch Trail larunbatean egingo da lehen aldiz. Egutegiko aldaketak aukera emango du lasterketaren inguruan sortzen den giroaz beste modu batean gozatzeko, bai korrikalariek bai herritarrek.
Ibilbideetan korrikalariak izango dira protagonistak, baina helmugan eta herrian ere izango da zer ospatu. Izan ere, Zumaia Flysch Trail ez da lasterketa eguneko kilometroetara mugatzen: parte-hartzaileak, boluntarioak, antolakuntza eta herritarrak elkartzen dituen kirol-ekitaldia da.
Urriaren 3an dena prest egongo da Zumaian: flyscha, mendiak, itsasoa eta korrika egiteko gogoa.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest