Urriaren 3an egingo den 17. Zumaia Flysch Trail lasterketak kirola eta elkartasuna uztartuko ditu beste behin ere. Lasterketa amaitzean, Beheko plazan, korrikalariek eta boluntarioek anoa gune berezia izango dute zain, festa giroan jardunaldiari amaiera emateko.

Antolakuntzatik azaldu dutenez, “lasterketa festa giroan amaitzea da asmoa aurten ere, ospatzeko modukoa baita hainbeste pertsonaren arteko elkarlanaren emaitza”. Izan ere, Flysch Trail ez da soilik kirol proba; urtez urte herritarren eta boluntarioen parte-hartzeari esker gauzatzen den ekimena ere bada.

Aurten ere, 225 boluntario inguruk egingo dute lan lasterketa aurrera ateratzeko. Antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkie “dena ondo joan dadin lanean aritu diren, ari diren eta ariko diren” boluntario guztiei, eta bereziki nabarmendu du haien konpromisoa eta besteei laguntzeko prestutasuna.

Korrikalariak ere Flysch Trailen oinarrietako bat dira. Haiek dira lasterketaren protagonistak eta, kirola egiteaz gain, jarduera fisikoaren eta kirolaren onurak zabaltzen laguntzen dute urtez urte.

Jan-edana eta festa, Beheko plazan

Beheko plazako anoa gune berezia eguerdian irekiko da, eta korrikalariek zein boluntarioek doan izango dituzte jan-edanak. Txorizo egosia, hanburgesak, risottoa, lasagna begetarianoa eta garagardoa izango dira, besteak beste, bertan eskainiko direnak.

Antolakuntzak korrikalariak eta boluntarioak Beheko plazan elkartu eta lasterketaren amaiera elkarrekin ospatzera animatu ditu. Azken kilometroak eginda, beraz, kirola, elkarlana eta festa izango dira aurtengo Flysch Trailen azken protagonistak.