Zumaia kirolaren eta festaren topaleku izango da larunbatean, urriaren 3an, 17. Zumaia Flysch Trail dela eta. Lasterketa bera protagonista izango bada ere, antolakuntzaren helburua parte hartzaileek kirolaz harago Zumaiaz eta herriaren giroaz gozatzeko aukera izatea da.

Horretarako, hainbat zerbitzu izango dituzte korrikalariek eskura. Motxilak eta bestelako poltsak uzteko kontsigna Eusebio Gurrutxaga plazan egongo da, 07:00etatik 09:00etara eta 11:00etatik 14:00etara. Lasterketa amaitutakoan, berriz, dutxatzeko aukera izango dute Lubaki kiroldegian, 11:00etatik 14:00etara.

Dortsalak jasotzeko aukera ostiralean eta larunbatean izango da. Ostiralean, urriaren 2an, 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta larunbatean, lasterketa egunean, 07:00etatik 09:00etara. Banaketa Alondegia Kultur Etxeko Oxford aretoan egingo da. Antolakuntzak, ahal den neurrian, dortsala ostiralean jasotzea gomendatzen du, lasterketa egunean izapideak arintzeko.

Bestalde, inguruko zein kanpoko herrietatik Zumaiara autoz etorriko diren parte hartzaileek aparkalekuei eta herrira iristeko aukerei buruzko informazioa kontsulta dezakete hemen.