40 dortsal baino ez dira geratzen Flysch Trail Lasterketarako
- Bi astean ia bete egin da korrikalarien kopurua. 380 daude izena emanda Lasterketa Luzean, eta 180 Lasterketa Motzean.
- Emakumezkoak ia %25 dira oraingoz.
- Izena emateko epea irailaren 1era egongo da irekita hemen.
Indartsu dator Zumaiako Flysch Trail Lasterketa eraberrituaren 14. edizioa. Bi aste dira izena emateko epea zabaldu zenetik, eta ia dortsal guztiak agortu dira: 40 baino ez dira geratzen. Lasterketa Luzean (23 km) 380 korrikalari daude izena emanda, eta 400entzako dago lekua. 183 daude, aldiz, Lasterketa Motzerako (14 km), eta 200ekoa da muga.
Deigarria eta pozgarria da genero berdintasunaren arloko honako kopuru hau: izena eman dutenen artean emakumezkoak ia %25 dira oraingoz. Kirola eragile garrantzitsua da berdintasuna lortzeko bidean, eta Zumaiako lasterketaren kasuan, bide onetik doa gizartean funtsezkoa den esparru honetan.
Oraindik izena emateko aukera badago; irailaren 1ean itxiko da epea. Baina ikusita nolako abiaduran doan, komeni da lehenbailehen egitea tramite hori, lekurik gabe eta lasterketan parte hartu ezinda ez geratzeko. Lasterketa Luzean izena emateko 25 euro ordaindu behar dira, eta Lasterketa Motzean aritzeko, aldiz, 15 euro.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest