Uztailaren 11n jokatutako da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren bigarren edizioa. Zumaia eta Deba arteko itsaslabar ikusgarrietan diseinatutako 27 kilometroko ibilbide gorabeheratsuan neurtuko dituzte indarrak korrikalariek. Joan den urteko esperientzia arrakastatsuaren bideari eusteko ahalegin berezia egin dute antolatzaileek, eta proba honek dituen lau helburu nagusietan sakontzea da aurtengo erronka.

Kirol arloa

Joan den urteko estreinako lasterketan Raul Garcia Castan Europako txapeldunaren babesa izan zuen Zumaia Flysch Trailek. Espainiarra izan zen lehen edizio hartako izar nagusia, eta txapeldun handia txundituta agertu zen lasterketaren edertasunarekin eta antolakuntzaren mailarekin. Gauzak horrela, aurten ere irteeran izango dela jakinarazi du, eta bera izango da berriro gizonezkoen proba irabazteko faborito nagusia. Baina ez da kontuan hartu beharreko korrikalari bakarra izango. Hemen izango dira, besteak beste, Aitor Osa (bigarren Zegama-Aizkorri mendi maratoian), David Garcia (laugarren Espainiako Txapelketan), Eladio Lantada (Espainiako txapeldun ohia beteranoetan), Salvador Calvo (250 kilometroko Ultra Trailen irabazlea), edota Antonio Aurelio Olivar (bosgarren Sableseko maratoian eta Espainiako mendi maratoiko zirkuitoaren irabazlea). Eta noski, horiekin batera hemen izango dira Euskadiko Koparako lehiatzen ari diren korrikalariak, Flysch Traila aurten ere puntuagarria baita.

Emakumezkoen artean, Blanca Serrano Espainiako txapelduna izango da, ezbairik gabe, proba irabazteko faboritoa. Baina kontuan hartu beharko dira, besteak beste, Monica Aguilera (Sableseko maratoia irabazi duen lehen europarra) eta Nerea Amilibia (bigarren Zegama-Aizkorrin).

Lasterketa irabazteko lehia polita espero da beraz, bai gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Iazko parte-hartzaileen kopurua ere gaindituko dela espero dute antolatzaileek: 260 korrikalari izan ziren orduan. Eta iaz ez bezala, aurten 23 urte azpikoen maila ere jarri dute. Hauek 13 kilometroko ibilbidea osatuko dute.

Ibilbideari dagokionez, irteeran egindako aldaketa txiki bat izan ezik, iazko berbera izango da. Alondegiako lanak direla eta Erribera kalea estutu egiten denez azken zatian, antolatzaileek erabaki dute aurrena goiko kaleetatik itzuli bat egitea Angeles Sorazu kaleko aldapatik igota, tropela pixka bat luzatzeko helburuarekin. (triptikoan ikus dezakezue ibilbidea). Sub 23koen kasuan, nagusientzat diseinatutako ibilbidearen erdia egingo dute, Elorriaga auzoan berriro Zumaiarantz buelta eginez.

Herritarren parte-hartzea

Zenbait herritarren ekimenez sortutako lasterketa da Zumaia Flysch Trail, eta, bide horretan, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea lasterketa hau aurrera atera ahal izateko. Horrela, aurten 200 boluntariok egingo dute lan lasterketaren egunean dena behar bezala atera dadin. Horrelako boluntario talde bat ez da batere ohikoa eta antolatzaileek bereziki eskertu nahi diete lanerako erakusten duten prestutasuna.

Horrez gain, proba honek erakundeen eta enpresen babes sendoa du. Aipatu behar da guztira 14 direla antolakuntzan parte hartzen duten erakundeak, tartean Zumaiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza; 38 direla enpresa babesleak; eta beste 26 laguntzaileak. Hauen kasuan ere antolatzaileek azpimarratu nahi dute krisi garai hauetan Zumaiako enpresek egin duten ahalegina.

Ingurumena eta turismoa

Lasterketa hau diseinatzeko orduan kontuan hartu dira biotopo babestuak ezartzen dituen baldintzak eta mugak, Zumaiak dituen ondare geologiko eta turistikoak zabaltzea baita beste helburuetako bat. Zentzu horretan, Inda Mendi elkartearen eskutik mendi irteera antolatu da lasterketaren egunean, interesa duenak inguru zoragarri hauek ezagutzeko aukera izan dezan. Eta proba amaitu ondoren, itsaslabarrak itsasontziz ezagutzeko aukera ere izango da.

Arlo soziala

Lasterketa honen ideia sortu zen unetik bultzatzaileek garbi izan zuten helburu sozial bat ere izan behar zuela. Eta horrela erabaki zuten bildutako dirua Aspanovas elkarteari ematea, minbizia duten haurrei laguntzeko. Iaz 6.000 euroko txekea jaso zuen elkarteak. Aurten biltzen den dirua Aspanogirentzat izango da, minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkartearentzat.

Pasabani omenaldia

Ez dira hor amaitzen lasterketa honen berezitasunak. Mendiari lotutako kirolariak omentzea da beste helburuetako bat. Iaz Patxi Usobiaga eskalatzaileak jaso zuen omenaldia, eta aurten Edurne Pasaban, Alex Txikon eta Asier Izagirreri egokitu zaie. Zortzimila metrotik gorako hamalau mendiak igo dituen munduko bigarren emakumea da Edurne Pasaban, eta azken mendietan soka-lagun izan dituen Txikon eta Izagirre ere omendu nahi izan dituzte antolatzaileek. Proba hasi aurretik ohorezko aurreskua dantzatuko zaie, zinta moztu eta Keixetaren eskultura berezi bana jasoko dute.

Horrez gain, Beñat Fernandez Arroiabe sukaldariak Pasaban pintxoa sortu du mendizalearen omenez, eta lasterketaren ondoren dastatu ahal izango da.

Keixetaren eskultura

Ohiko garaikurretatik aldendu eta irabazleentzat balio berezia izango zuen sari bat nahi zuten antolatzaileek. Horrela, Keixeta artistak egindako brontzezko eskultura bana jasoko dute gizonezkoen eta emakumezkoen maila nagusietako irabazleek. Itzurungo hondartzaren horma irudikatzen du eskulturak.

Izen-ematea

Proban parte hartu nahi dutenek www.herrikrossa.com webgunean eman behar dute izena, uztailaren 5a baino lehen.

II. Zumaia Flysch Trail

Noiz: uztailaren 11n

Ordua: 10:00etan

Lekua: Zumaia

Distantzia: 27 km (sub-23, 13 km)

Markak: Gizonezkoetan, Raul Garcia Castan (1:54:31); emakumezkoetan, Oihana Kortazar (2:22:18)

Informazio gehiago: www.zumaiaflyschtrail.com