Lasterketaren hirugarren edizioa aurkeztu dute
III. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa aurkeztu dute gaur eguerdian, Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan. Babesle eta erakundeetako ordezkariez gain, bertan izan dira Josune Bereziartu eta Rikar Otegi eskalatzaileak, Pako Iriondo Euskal Mendi Federazioko ohorezko presidentea, eta Oihana Kortazar, Aitor Osa eta Pedro Etxeberria korrikalariak. Antolatzaileek iragarri dutenez, aurtengo lasterketa are gogorragoa eta ikusgarria izango da, 3,5 kilometro gehiago izango dituelako. Korrikalarien artean, Nuria Dominguez da azken orduko nobedadea. Gainera, dagoeneko 420 korrikalarik eman dute parte hartzeko izena. Bosco Garitanok, antolatzaileen izenean, eskerrak eman dizkie babesle, laguntzaile eta herritar guztiei: “Guztien laguntza gabe ezinezkoa litzateke lasterketa hau antolatzea”.
Pako Iriondo: “Gauzak ondo egiten dituenari lagundu egin behar zaio”
Zumaiako lasterketaren antolatzaileak goraipatu ditu Pako Iriondok. “Leku gutxitan aurki daiteke horrelako lan talde bat. Zorionak eman behar dizkizuet. Mendi handien magalean dauden herrietan errazagoa da horrelako lasterketak antolatzea. Zumaia ez dago Aizkorriren ondoan, baina mendi laskerketa bikaina antolatzen duzue”. Alboan eserita zuen Iñaki Agirrezabalaga alkateari eskatu dio lasterketa laguntzen jarraitzeko: “Gauzak ondo egiten dituenari lagundu egin behar zaio, eta talde honek goraipamen guztiak merezi ditu”.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest