Dortsal guztiak agortuta dator berriro Zumaia Flysch Trail lasterketa
Hamar egun besterik ez dira gelditzen Zumaia Flysch Trail lasterketarako. Hamabosgarren edizioa izango du kirol probak, eta horren inguruko xehetasunak emateko agerraldia egin dute gaur, osteguna, Santa Klara nekazal etxean.
Parte-hartze ikaragarria izango du beste urte batez Flysch Trailak, izan ere, dortsal guztiak agortu dira, eta, beraz, 650 korrikalari izango dira guztira, urriaren 6ko lasterketan. Iaz egin bezala, bi proba izango dira, batetik motza, 13 kilometrokoa, 10:00etan abiatuko da eta bestetik, luzea, 23’6 kilometrokoa, 09:30ean. Antolatzaileek hainbat aldaketa egin dizkiete bi ibilbideei.
Aurtengo beste berrikuntzetako bat Flysch Trailak Etiketa Berdea egitasmoarekin bat egin duela da, eta Aitor Manterola Kirol zinegotziak adierazi duenez, “proiektu etikoa” da etiketa berdearena, eta Flysch Trailaren filosofia aintzat hartuta aurkeztu zuten lasterketa etiketa berdearen hautatze prozesura. Bide batez, lasterketaren filosofiaren lau ardatzak oroitarazi ditu Manterolak: “kirolaria izatea protagonista, jarduera fisikoa sustatzea, ingurumena babestea eta herriko ekoizleei bultzada ematea”.
Horren seinalea da emakumezkoen parte-hartzeak izan duen gorakada. Hala, Maite Egaña Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “iaz nahiko pozik bageunden, aurten pozago, bost puntu egin baitu gora emakumezkoen parte hartzeak. Bi probetako parte hartzaileak kontuan hartuta, %30 dira emakumezkoak”.
Egañaren ustez igoera horretan erabakigarria izan da proba motza egiteko aukera ematea, eta hainbat jarduera egitea parte hartzea bultzatzeko: “entrenamendu saioak, esaterako, eman baitute fruitua”.
Azkenik, eta korrikalarien, antolatzaileen nahiz boluntarioen lana aitortzeko asmoz, festa bat prestatu dutela lasterketa ondorengorako aurreratu dute. Hala, karpa bat ezarriko dute Eusebio Gurrutxaga plazan, jan-edana eskainiko dute bertan 11:30etik aurrera, eta musika ere egongo da.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest