23,6 kilometroko ibilbidea, baina giro eta eguraldi bikainarekin. Egun borobila izan da proba egiteko, eta horren seinale izan da korrikalari kopurua, izan ere, 400 korrikalarik egin dute lasterketa.

09:30ean irten dira korrikalariak Eusebio Gurrutxaga plazatik, eta Elorriaga, Mendata eta Talaimendi igaro ondoren, korrikalariak helmugara gerturatzen hasi dira eta, iaz gertatu bezala, Aizarnazabalen bizi den Ruben Ruzafa izan da lehenengoa helmugaratzen gizonezkoetan. Hain zuzen, ordubete, 50 minutu eta 22 segundo behar izan ditu helmugara iristeko.

Bigarren sailkatu da Amets Aranberri zestoarra, proba ordubete, 52 minutu eta 20 segundotan amaitu ondoren. Hirugarrena izan da Unai Fernandez eibartarra, ordubete, 55 minutu eta 53 segundoko denboran.

Emakumeen kasuan, Helene Alberdi zumaiarra izan da lehena helmugaratzen, bi ordu, 10 minutu eta 11 segundotan. Bigarren sailkatu da Aretxabaletako Ainara Urrutia, Alberdi baino segundo bat gehiago behar izan duelarik. Podiuma osatzen hirugarrena Nerea Urteaga zumaiarra izan da, eta horretarako, bi ordu, 17 minutu eta 25 segundo behar izan ditu.

Sailkapen osoak hemen ikus daitezke.