Iazko ibilbideak izango ditu aurtengo Flysch Trailak

Urriak 5eko bi lasterketak ate joka ditugu, eta Zumaiako Udala dena prest uzten ari da. Hala, aurreko lanen artean, ibilbideen zehaztapena kokatzen da, eta arduradunek aurreratu dutenez, iazko ibilbideak mantentzea erabaki dute.
“Iaz igoera berria ezarri zen bi lasterketen hasieran, Santa Klarako igoera Ardantzatik. Igoera hori mantentzea erabaki denez, gainerako ibilbideak mantenduko ditugu. Asko laburtuta, lasterketa motza Elorrixako joan-etorria da batik bat, eta luzea, aldiz, Mendata puntaraino joan-etorria”, azaldu du antolakuntzako kide den Karlos del Pilarrek.
Iazko ibilbideak mantentzeak badu irakurketa positiboa, eta hori korrikalariei gustatu zitzaien bideak izan zirela da: “Parte hartzaileek ontzat eman zituzten bi ibilbideak, asko gustatu zitzaizkien, eta hori poztekoa da. Baina, hori gertatzeko baserritarrei eta lur jabeei eskertu behar diegu. Martxoan egin genuen bilera Ardantza, Santa Klara, Sakoneta, Arantza edota Andika guneetako jabeekin eta arazorik ez zutenez jarri, dena mantendu dugu eta horrekin goaz aurrera”.
Gainera, ibilbidea nahiko garbia dagoela aurreratu du Del Pilarrek: “Pertsona asko ibiltzen diren guneak dira urte guztian zehar, eta beraz, mantentze lanak egiten direnez, garbi dago. Lan gutxi suposatuko du guztiz garbitzeak”.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest