Joan zen igandean izan zen 16. Flysch Trail Mendi Lasterketa, Udala izan da antolatzailea azken hiru edizioetan bezala, lantalde zabal bateko parte gisa. Hilabeteak behar izaten dira tamaina horretako proba handi bat antolatzeko, eta eskerrak ematen dizkio antolaketako taldeari Baita, nola ez, lasterketa egunean boluntario lanetan aritu ziren guztiei ere. Herri, herrigintza eta auzolan ariketa ederra egin zuten denen artean beste urte batez, eta nabarmentzeaz ez ezik, txalotu ere egin behar da. Aipatzekoa da aldi berean, baserritarren eta lur jabeen prestutasuna, eta baita udal langileena ere. Eskerrak eman, nola ez, babesleei eta herriko merkatari, ekoizle eta dendariei, laguntzeko prestutasuna eta borondateagatik.

Ezin ahaztu, jakina, korrikalariak. Eguraldiak jarritako baldintza petraletan egin behar izan zuten korrika, eta horiei guztiei ere eskerrik asko handi bat. Eta animoak min hartzeko zoritxarra izan zutenei ere. Baldintzek hori gertatzeko arriskua handitu egin zuten, eta gertatu egin ziren ezbehar batzuk. Lehenbailehen osa daitezela.

Aurtengoari amaiera emateko, balorazio bilera egingo du lantaldeak, eta jasoko ditu korrikalarien eta boluntarioen iritziak. Gero, atseden pixka bat hartu ondoren, berehala hasiko dira 17. edizioa prestatzen, 2026koa.