Flysch Traila ikustera, oinez eta lasterketaren erritmoa errespetatuz
Zumaia korrikalarien eta ikusleen topagune bihurtuko da larunbatean. Flysch Trailaren 17. edizio honetan, 650 korrikalari baino gehiago izango dira irteeran, 24 eta 14 kilometroko bi probetan banatuta. Lasterketaz gozatzera hurbilduko direnek, ordea, ibilgailua etxean uztea eta ibilbideko ikusguneetara oinez joatea gomendatzen du antolakuntzak. Horrela, alde batetik, errazagoa izango da lasterketaren inguruan sortzen den mugikortasuna kudeatzea, eta bestetik, inguruneaz lasaiago gozatzeko aukera izango dute ikusleek.
Lasterketa goizean zehar egingo da, 24 kilometroko probako korrikalariak 09:30ean abiatuko baitira eta 14 kilometrokoak 10:00etan. Bi ibilbideek Zumaiako eta inguruko hainbat txoko ezagun zeharkatuko dituzte, eta flyscha, itsaslabarrak, basoak eta mendiko bideak izango dituzte protagonista. Ikusleentzat, beraz, aukera ona izango da lasterketako hainbat puntutara oinez gerturatu eta korrikalariei animoak emateko. Antolakuntzak gogorarazi du, halaber, lasterketa Geoparkearen eremu babestuan egiten dela eta ingurunea zaintzea guztion ardura dela.
Larunbatean, beraz, korrikalariak izango dira protagonistak, baina herritarren eta bisitarien babesa ere ezinbestekoa izango da Flysch Trail berriro ere kirolaren eta herriaren arteko topagune izan dadin.
Segurtasuna, antolakuntzaren lehentasunetako bat
Zumaia Flysch Traileko antolakuntzak hainbat neurri ezarri ditu proba ahalik eta baldintza seguruenetan egiteko. Lasterketan zehar Gurutze Gorriaren laguntza izango da, eta anoa gune guztiek oinarrizko botikina izango dute ezbehar txikiei erantzuteko. Ibilbidea ere behar bezala seinaleztatuta egongo da.
Era berean, eguraldiak edo ibilbidearen egoerak hala eskatuz gero, antolakuntzak ibilbidea aldatzeko, beharrezko egokitzapenak egiteko edo proba bertan behera uzteko eskumena izango du. Kasu horietan, korrikalarien ongizatea eta segurtasuna izango dira erabakiak hartzeko irizpide nagusiak.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest