Oinarri sendoak dauzka Flysch Trail mendi lasterketak
Zumaiako Udalak duela hiru urte hartu zuen Flysch Trail Mendi Lasterketa antolatzeko ardura, eta aurtengoa, laugarren aldia izan du zeregin horretan. Hori ez zen gertatuko aurretik lantalde batek ez bazuen mendi lasterketa hau antolatzeko ideia zoragarria izan duela hamasei urte. Udalak segida eman zion aurrekoek egindako lanari, eta bizirik da lasterketa. Bai bizirik ere.
Herriarena da kirol proba hau. Antolakuntzako talde enborrean, korrikalariak eta boluntarioak daude, Udaleko beste hainbat kiderekin batera. Denen artean antolatzea erabaki zen Udalak 2023an deitu zuen aurreneko bileran, eta filosofia horrekin doa aurrera karrera. Kirolaria erdigunean jartzea, kirola sustatzea, ingurumena zaintzea, eta herriko merkatari eta ekoizleak laguntzea ezarri ziren orduan probako ardatz bezala. Eta hiru urte hauen joanean, lau edizio hauetan, orduan jarritako oinarriak sendotzen baino ez da ari kirol proba hau. 2023An jarri zen helburu handietakoa horixe izan zen, hain zuzen: oinarri sendoak eta iraunkorrak jartzea. Antolakuntzaren ustez, hori lortu da.
Eta lortu egin da herriak egiten duen herrigintza eta auzolan ariketa erraldoi bati esker. Aurten ere bai, beste urte batez. Boluntario lanari sekulako balioa ematen dio Flysch Trail mendi lasterketak: ehunka lagun aritu dira beren denbora librea ematen hau dena ondo ateratzeko, eta 600dik gora korrikalariek hainbeste gustatzen zaiena egiteko aukera izan zezaten. Eskerrik asko boluntario horiei guztiei, eta eskerrik asko korrikalariei.
Eskerrik asko ikusleei, zientoka izan baitziren lasterketako hainbat lekutan animoak eman zituztenak. Aparteko aipamena merezi du Talaimendiko igoerak. Hitzik ez dago ikusleek korrikalariei sentiarazten dietena kontatzeko.
Eskerrik asko ekoizleei eta merkatariei, eta babesle guztiei, erakunde, dendari, tabernari eta gainontzekoei. Ezin ahaztu Udaleko langileak, bakoitzak beretik lan eginez aukera ematen dutelako hau guztia aurrera ateratzeko.
Larunbat goizez aurreneko aldiz izan da lasterketa, eta ondo joan da. Ez da berez gertatu, atzean dagoen lan handiagatik aterako delako ondo.
Baina ezin aipatu gabe horrelakoetan izan ohi diren zuzendu beharreko gauzak. Urtero bezala, dena jasotzen ari gara, hango eta hemengo iritziak, eta ezinbesteko izango dira hobetzen segitzeko, ohi bezala.
Hobekuntza horretan, aparteko aipamena merezi du berdintasunaren datuak. Urtez urte ari gara hobetzen, eta aurten ere bide horretan ibili gara: emakumezkoak %45 izan dira. Hori lortzeko lanketa eta pauso batzuk eman ditu antolaketak, eta erakusten digu bide onean goazela.
Datuak ematen hasita, beste hauek ere badaude:
14 km-ko proban, 291 korrikalari zeuden izena emanda, eta 262 atera ziren. Horietatik 253k bukatu zuten.
24 km-koan, 386 izen-ematetik 326 izan ziren irteeran, eta 305ek bukatu zuten.
Datuak eta zenbakiak dira, baina lasterketa honen bihotza eta arima harago doaz. Oinarri sendoen gainean, auzolan eta herrigintza ariketa polit hau egiten segituko dugu. Eta bukatu aurretik, lasterketan zehar lesioren bat edo ondoeza izan zuten guztiei, ahalik eta lasterren osatzeko indarra bidaltzen diegu antolakuntzatik.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest