Nazioarteko maila lortu du Flysch Trail lasterketak
ISF-k (International Skyrunning Federation) antolatzen duen Skyrunner National Series txapelketako proba izango da 2015eko Zumaia Flysch Trail. Uztailaren 5ean jokatuko da.Nazioarteko maila lortzea izan da betidanik lasterketako antolatzaileen ametsa eta, lan asko egin ondoren, lortu dute gauzatzea. 2015eko lasterketa Espainia, Portugal eta Andorrako Skyrunner National Series txapelketako proba izango da (Sky Series), beste sei lasterketekin batera.
Nazioarteko lasterketa garrantzitsuenak antolatzen dituen erakundea da ISF. Maila gorenean daude Skyrunner World Series lasterketak, guztira sei, Zegama-Aizkorriko mendi maratoia tartean. Eta hauen azpitik, bigarren maila batean, National Seriesekoak. Hor lortu du lekua Flysch Trailek.
Maila berriak aldaketak eragingo ditu lasterketan. Hasteko, maratoi distantzia izango du, 42 kilometro. Orain arte 31 kilometrokoa izan da lasterketa nagusia. Ibilbidea luzatzeko eta gogortzeko, Andutz mendia sartu dute ibilbidean. Ondorioz, 2.172 metroko desnibela izango du proba nagusiak. Lasterketa motza ere egokitu egingo dute eta maratoi erdia izango da (21km) –hau ez da Andutzetik pasako-. Lasterketaren hasiera ordua ere aurreratu egingo da. Goizeko 8:30ean hasiko da –maratoi erdia 9:00etan–.
Antolaketa aldetik, erronka izango da, kilometro gehiagori erantzun behar zaielako, baina lan horiek bideratuta dauzkate antolatzaileek.
Sky Serieseko egutegia:
10/05/15. Cursa de l’Alba – Collbató, Bartzelona // 24 Km +1.126 m.
07/06/15. Camile Extrem – Izaba, Nafarroa // 32 Km +2.044 m.
27/06/15. Marató dels Cims – Ordino, Andorra // 42.5 Km +3.000 m.
05/07/15. Zumaia Flysch Trail – Zumaia, Gipuzkoa // 42 Km +2.200 m.
26/07/15. SkyRace Comapedrosa – Arinsal, Andorra // 21 Km +2.280 m.
03/10/15. Gorbeia Suzien – Zeanuri, Bizkaia // 31.2 Km +2.300 m.
08/11/15. Marató del Montseny – Sant Esteve de Palautordera // 42 Km +2.704 m.