Estreinaldi bikaina
Raúl Garcíak eta Oihana Kortazarrek estreinatu dute Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren palmaresa. Irteeratik goizeko hamarretan abiatu ziren 260 korrikalarietatik 216 izan ziren ibilbideko 27 kilometroak osatzeko gai. Eguzkiak ere ederki berotu zuen arren, parte-hartzaile gehien-gehienek prestakuntza maila bikaina erakutsi zuten. Raúl García Europako txapelduna zen probako izarrik handiena eta ez zuen huts egin. Hasieratik hanka egin zuen eta lasterketa buruan osatu zuen ibilbide osoa. Atzetik segika, Zuhaitz Ezpeleta eta Aitor Osa txirrindulari ohia izan zituen. Bi hauek bat egin zuten lasterketaren bigarren erdian eta elkarrekin iritsi ziren helmugara. Garcíak jarritako marka ez da nolanahikoa, gainera: 1.54:31. Hori izango da hurrengo urtean gainditu beharreko erronka. Emakumezkoetan berriz, Oihana Kortazarrek lasterketa bikaina egin zuen, eta Nerea Amilibia faboritoari gailendu zitzaion. Kortazarren denbora ere ez da nolanahikoa izan: 2.22:18. Zumaiarren artean Pedro Etxeberria izan zen lehen gizonezkoa, seigarren postuan (2.09:39); emakumezko onena, berriz, Leire Atxutegi izan zen, sailkapen nagusiko 117. postuan (2.53:15).
Raúl García: “Horrelako lasterketa gutxi daude”
Arrakastatsua izan da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren lehen edizioa. Horren adierazlerik fidagarriena da korrikalariek beraiek egindako balorazioa behin 27 kilometroak osatuta. Askok goraipatu dituzte ibilbidearen edertasuna eta antolakuntza bikaina. Raúl García irabazleak ere bai: “Mendi lasterketa asko daude, baina horrelako ibilbide ederra gutxitan topa daiteke. Izan ere, mendi lasterketa izanik ere, ibilbide osoan itsasoaren ondo-ondotik zoaz korrika, eta sentsazio hori oso gustagarria da korrikalariarentzat. Eta bestalde, eskertzekoa izan da antolatzaileek egin duten ahalegina, ibilbide osoan baitzegoan antolakuntzako jendea”. Bosco Garitano, Iñigo Saenz, Jose Antonio Gorostola eta Fran Aizpuruak osatu dute antolakuntza taldea, eta atzo oso pozik zeuden lortutako emaitzarekin: “Badira gauza txiki batzuk hurrengorako aztertu behar direnak, baina bestela dela oso-oso ondo joan da, babesleek eta mundu hau ezagutzen dutenek zorionak eman dizkigute, eta denek nabarmendu dute lasterketa honek etorkizun bikaina duela, ibilbidea paregabea delako. Gure lana izango da urtero antolakuntza ere neurri berekoa izatea”.
(Argazkiak: Oliver Perez Amas)
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest