flyschtrail-599.jpg Goi mailako mendi lasterketa jokatu da gaur Zumaian. Iazko estreinako edizioa bikaina izan bazen, aurten beste koska bat egin du gora Zumaia Flysch Trailek. Batetik, parte-hartzaile kopurua antolatzaileek jarritako 400eko mugatik oso gertu egon delako: 360. Bestetik, iazko markak ondu dituztelako ia kategoria guztietan. Gizonezkoen lasterketan Aitor Osa lanak eman dizkio Europako txapeldun Raul Garciari. Lasterketa abiadura bizian abiatu da eta laster jarri dira faboritoak buruan . Aitor Osa aurrean tiraka eta Raul Garcia nahiko gertu. Sakoneta parean biak ziren buruan, baina Mendata inguruan Aitorrek aurrera egitea erabaki du, Garcia atzean utziz. Zumaiara bidean, bi minutuko aldea ere izan du itziartarrak, baina Garcia ez da urduri jarri. Indarrak hobeto neurtu ditu eta Talaimendi iritsi baino lehen harrapatu du Osa. Azken igoeran aise egin du hanka Garciak, indarrez osoago iritsi dela agerian utziz. Helmugan, 1:51:44ko denbora egin du Raul Garciak, iaz berak ezarritako marka (1:54:31) onduz. Bigarren Aitor Osa helmugaratu da, hau ere iazko marka baino azkarrago: 1:53:32.

Emakumezkoetan berriz, Ana Conde gasteiztarra izan da onena. Blanca Serrano Espainiako txapelduna zen faborito nagusia, baina Condek lasterketa bikaina egin du, indarra oso ondo neurtuz. Ibilbidea ez zuen ezagutzen, eta horregatik lehen kilometroetan atzean gelditu da, indarrak gordetzeko asmotan. Baina seigarren kilometrotik aurrera pixkanaka aurkari guztiak gainditu ditu eta lasterketa bikaina osatu du. Oihana Kortazarrek iaz egindako marka (2:22:18) ontzeko gauza izan da, gainera: 2:19:08. Bigarren Nerea Amilibia izan da eta Blanca Serrano hirugarren.

Zumaiarren artean, Pedro Etxeberria eta Leire Atxutegi izan dira onenak. Pedro zortzigarren izan da sailkapen nagusian (2:05:39) eta Euskadiko Kopako sailkapen nagusian hiru onenen artean segitzen du proba baten faltan.

Erreakzioak:

Raul Garcia: “Lasterketa oso azkar abiatu da, azkarregi nire iritziz. Lehen aldapatxoan jada jendea tiraka hasi da eta nik erabaki dut nire erritmora joatea, gehiegi behartu gabe. Gero Aitor Osa eta biok joan gara buruan, berak hanka egitea erabaki duen arte. bi minutuko aldea atera didala esan didate lasterketan bertan, baina nik banekien harrapatzeko aukera nuela, denboraren poderioz indarrak oso ondo neurtzen ikasi dudalako. Eta hala izan da. bueltan pixkanaka gerturatzen joan naiz, eta ermita pasa ondoren -San Telmo- bertan zegoela ikusi dut. Azken igoera baino lehenxeago -Talaimendi- bat egin dugu eta aldapan gora azkenean atzean gelditu da. Oso pozik nago, gainera marka ere ondu dugulako”.

Aitor Osa: “Nik esan nuen Garciari iaz baino lan gehiago ematen saiatuko nintzela. Irabaztea banekien oso zaila zela, baina uste dut aurten estuago hartu dudala. Bi minutuko aldea nuela esan didatenean pentsatu dut aurrena iristeko aukera nuela, baina garbi dago berak oso ondo dakiela indarrak neurtzen eta nik berriz urtebete baino ez daramat saltsa honetan eta asko dut oraindik ikasteko. Baina espero dut datorren urtean oraindik hobeto egingo dudala. Pozik nago egindako lanarekin”.

Ana Conde: “Niretzat lehen aldia da lasterketa honetan, eta esan behar dut harrituta nagoela antolakuntzarekin. Ibilbidea asko gustatu zait, oso azkarra da, eta nabarmentzekoa da dena oso ondo markatuta dagoela eta ibilbide osoan dagoela jendea laguntzeko, edateko eta jateko postuak. Bikaina iruditu zait. Ibilbidea ezagutzen ez nuenez, hasieran lasaiago joatea erabaki dut, baina seigarren kilometrotik aurrera hasi naiz erritmoa bizitzen eta lasterketa bururaino iritsi naiz. Egia esan oso gustura joan naiz ibilbide osoan”.