Gaur goizean jokatu da III. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa, eta Aitor Osa eta Ana Conde izan dira irabazleak. Aurreko bi urteetan hirugarren eta bigarren izan ondoren,  garaipena lortu du azkenean Aitor Osak. Ana Conde, bere aldetik, iazko garaipenari segida emateko gauza izan da. “Niretzat oso berezia da hemen irabaztea”, adierazi du Aitor Osak, “proba honetan hasi bainitzen mendiko lasterketetan, etxe ondoan daukat eta ezagun asko dituk hemen”. Ana Conde ere oso pozik zegoen bigarrenez irabazteko gai izan delako. “Aurtengoa gainera gogorragoa izan da”, azaldu digu Condek, “ibilbide luzeagoa izateaz gain, euriarekin bideak lokaztu egin dira eta hezetasun handia zegoen”. Gizonezkoetan, Aitor Osaren atzetik (2:14:46), Walter Becerra (2:15:40) eta Luis Alberto Hernando (2:21:38) helmugaratu dira. Emakumezkoetan, Ana Conderen ondotik (2:45:44), Nuria Dominguez (2:54:29) eta Montserrat Vazquez (3:01:17) sailkatu dira. Azpimarratzekoa da Leire Atxutegi zumaiarra laugarren izan dela emakumezkoen sailkapen nagusian (3:02:42). Gizonezkoetan, Pedro Etxeberria izan da lehen zumaiarra, 16. postuan (2:34:54). Orotara, parte hartu duten 500 korrikalarietatik 431 izan dira lasterketa antolatzaileek jarritako epean amaitzeko gai.

Aitor Osak azaldu digunez, lasterketako lehen kilometroetan Pedro Jose Hernandezek egin du aurrera oso erritmo bizian. Atzetik Aitor Osa eta Walter Becerra pixkanaka faboritoen taldetxotik aldetu dira. Behin Hernandez harrapatu dutenean, Aitor Osak eraso jotzea erabaki du Errotaberriko igoeran. Elorriagan minutu erdiko aldea zuen Becerrarekiko eta Talaimendiko igoeran minutu ingurukoa. Azkenean, aldeari eutsi dio helmugan. Pozik zegoen itziartarra garaipenarekin: “Egia da aurten Raul Garcia falta zela –aurreko urteetako irabazlea–, baina maila handiko korrikalariak zeuden bestela ere; Hernando berak Espainiako Txapelketa irabazi zuen joan den astean”.

Ana Conderentzat lasterketa errazagoa izan da. “Egia esan, lasterketan ez dut beste aurkarien erreferentziarik izan. Aurrera egin du pixkanaka eta alde politarekin irabazi dut azkenean”. Oihana Kortazarren azken orduko bajak lanak erraztu dizkiola aitortu du Condek: “Oihanak parte hartu izan balu lehia estuagoa izango zen, dudarik gabe”. Kortarrek ez korritzea erabaki du azken unean, kilometro asko daramatzalako eta datorren asteburuan Europako Kopako lasterketa duelako, baina Zumaian izan da lasterketa bertatik bertara jarraitzen.

Taldekako Euskadiko Txapelketari dagokionez, Sestao A.C-k lortu du lehen postua.