“Datorren urtean Europako Kopako lasterketa izan daiteke Flysch Trail-a”
Ostiralean, uztailak 12, aurkeztu zuten Flysch Trail mendi lasterketaren bosgarren edizioa. Jaio zenetik urrats sendoak egin ditu urtetik urtera, eta Europako Kopako lasterketa bat antolatzea da hurrengoa erronka. Antolaketa taldeko kide Bosco Garitanok azaldu dizkigu lasterketaren oinarriak, ezaugarriak eta helburuak.
Zergatik erabaki zenuten duela bost urte mendi lasterketa bat antolatzea Zumaian?
Batez ere, herriaren alde zerbait egiteko gogoak bultzatuta hasi ginen duela bost urte flysch trailarekin. Zegama-Aizkorriko erreferentzia genuen eta ikusi genuen kostaldeko inguru honek bazuela berezitasunik, beste laterketekin alderatuta itsasoa eta mendia uztartzen zituela eta leku paregabea izan zitekeela lasterketa bat antolatzeko. Flyscha bera ezagutzera emateko aukera ona iruditzen zitzaigun. Horrekin batera, Aspanogiri laguntzeko bultzada hori ere hasieratik izan dugu.
Laukote bat zaudete antolakuntza lanetan. Lanak ondo banatuta dauzkazue…
Txolok ezagutzen zuen ondoen mundu hau, korrikalaria da eta. Ibilbide batek behar dituen ezaugarriak eta mundu horretako harremanak dauzka. Txiki Gorostola berriz, lasterketa antolatzeko behar diren 220 boluntarioak lortu eta antolatzeko sekulako lana egiten du, eta ez da batere lan erraza. Fran Aizpuruak esperientzia handia du herriko beste lasterketak eta kirol ekitaldiak antolatzen: izen-emateak, arauak, federazioak, Udalaren babesa… Eta azkenik, neuk Zegama-Aizkorriko antolatzaileak ezagutzen nituen, babesleen mundua… Finantziazioa lortzeaz, gure arteko antolaketa eta lasterketaren kudeaketaz arduratzen naiz batik bat. Laurok osagarriak gara eta bakoitzak bere ekarpena egin dio proiektuari.
Zegama-Aizkorri ispilua izan al da zuentzat?
Niretzat bai. Zegama-Aizkorrik hamar urte egin ditu aurten. Zegamako herria ezagutzera emateko sortu zen. Hainbat ideia eta proposamen atera ziren bere garaian: eztiaren eguna, artzain eguna… Eta norbaitek proposatu zuen Europan indarra hartzen ari zirela mendi lasterketak eta Zegamak bazuela aukera Aizkorrirekin. Gaur egun Munduko Kopako proba da –Europan lau bakarrik daude–, mundu osoan ezaguna. Ikusirik Zumaian zer mugimendu sortzen ari zen Flyscharen inguruan, ikusi genuen hori bultzatzeko modua izan zitekeela lasterketa.
Hasieratik ahalegin berezia egin duzue antolaketan nabarmentzeko. Ez zarete helmugako pankarta soil bat jartzera mugatu…
Guk badakigu ingurune ikusgarria daukagula baina egia da Europa edo mundu mailako probetan dabiltzan korrikalarientzat agian altuera, mendi handiak, falta zaizkigula. Hori gainditzeko, gure indargunea da antolaketaren maila. Paisaiarekin gozatzeaz gain, antolaketa bikainaren sentsazioarekin joan daitezela etxera. Azken batean, helburua ez da soilik lasterketa antolatzea; lasterketa parte bat da. Lasterketak zentzua du Zumaiaren izena zabaltzeko balio badu. Adibidez, mendiari lotutako punta-puntako kirolariak omendu ditugu urtero: Pasaban, Bereziartu, Iñurrategi, Txikon, Usobiaga….
Lasterketa horrela antolatzeko finantziazioa behar da, eta Flysch Trail krisi ekonomiko baten erdian jaio zen…
Hala da, baina esan beharra dago lau urtetan jadanik 15.000 euro eman dizkiogula Aspanogiri, lasterketako aurrekontutik. Finantziazioan parte hartzen dute Zumaiako hainbat enpresek, Udalak, Aldundiak, Kutxabankek, Skodak eta beste hainbat babesle eta laguntzaile txikik. Zumaiako herriak ere hartzen du parte, zozketekin. Eta azkenik izen-emateetako diruarekin osatzen da aurrekontua. Horrekin gastu guztiei egin behar zaie aurre eta, hala ere, Aspanogirentzat dirua biltzeko gai izan gara.
Ondo antolatzeaz gain, urtetik urtera lasterketaren maila hobetzea da zuen erronka. Hasieran Euskadiko Koparako puntuagarria izan zen, ondoren Espainiako Kopakoa izatea lortu duzue, baina hori urrats bat baino ez da. Europa da zuen helburua.
Bai, eta hasieratik gainera. Garbi genuen ez genuela herri mailako lasterketa soil bat egin nahi, horrek bizitza motza duelako. Kanpoko jendea erakarri nahi genuen, eta hasieratik jarri genion gure buruari erronka: Europako Kopako proba izatea. Zegama Munduko Kopakoa da eta gu horra ezin gara iritsi, besteak beste, mendi garairik ez daukagulako; baina Europakoa bai. Orain arte egindako urratsak horri begira izan dira.
Eta noiz lor daiteke helburu hori?
2014an ez bada, 2015ean. Baina ea 2014rako lortzen dugun…
Baina benetako aukerak al daude? Hau da, gutxieneko baldintzak betetzen al ditu lasterketak, ibilbideari dagokionez?
Mendi lasterketen barruan badaude modalitate batzuk mendi garairik eskatzen ez dutenak. Frantziako Tourrean ere denetarik dago: mendiko etapak, ordekakoak eta erlojupekoak. Zumaiako lasterketa ezagutzen dutenek esan digute hemen irabazteko korrika asko egin behar dela. Mendi garaiak daudenean gehiago neurtzen dituzte indarrak, aldapan gora askotan oinez doaz eta behera egiten dute korrika asko; hemen ez, hemen hasi eta bukatu korrika egin behar da, oso azkar. Lanean ari gara ezaugarri horiek aintzat har daitezen Europan.
Zer urrats egin behar dira hori lortzeko?
Estatuetako federazioek dute hautagaiak proposatzeko eskumena. Beraz, lehenango lana da Espainiako Federazioa konbentzitzea. Hori lortzeko, Espainiako Kopan sartzea beste aukerarik ez dago, eta lana oso ondo egin. Iaz egin genuen urrats hori eta aurten berriro. Emaitza oso ona izan da. Espainiako Federazioko presidente Joan Garrigos bi probetara bakarrik joaten da urtean zehar: Zegamara eta Zumaiara. Zumaiara etortzen da asko gustatzen zaiolako eta oso ondo antolatuta dagoelako. Bere esku dago hautagaitza aurkeztea. Eta ezin dut ahaztu Pako Iriondo gure alde egiten ari den lana. Garrigosen aholkularia da eta sekulako lana egiten ari da gure alde. Elkartzen diren bakoitzean galdetzen dio nola dagoen gure hautagaitza Europako Koparako… Federazioko lehendakariorde Goio Larrañaga ere asko ari zaigu laguntzen.
Eta antolaketari dagokionez zer suposatuko luke?
Lan berbera, ez litzateke aldatuko.
Eta ibilbidea?
Hori hitz egiteko dago. Mendi gehiago sartzeko aukera aipatzen digute, Andutz hor dagoela… Baina guk ez dugu nahi Flysch Trailaren izaera desitxuratu nahi. Eta ez dugu nahi lasterketa gogortu, korrikalari herrikoiak nahi ditugulako. Ezin dugu ahaztu eliteko korrikalariekin batera, gehienak herrikoiak direla. Lasterketak bost urtean bere nortasuna lortu du, bere ibilbidea, errekorrak… Erronka da Europa mailako lasterketa lortzea ibilbideari eutsiz.
Aurten bada berrikuntza bat lasterketan: ibilbide motza egiteko aukera izango dute korrikalari herrikoiek.
Aurreko urteotan korrikalari askok proposatu digute, 31 kilometro jende askorentzat gehiegi delako. Gaztetxoentzat motzagoa jarri behar izaten dugunez, pentsatu dugu aurten aukera ematea herrikoei ere.
Udalaren babesa du eta izan du hasieratik lasterketak, baina ingurumen zinegotziak lasterketa eremu babestuan egitearen kontra idatzi berri du udal aldizkarian.
Aldundia da biotopo babestuaren kudeatzailea eta hark jarritako baldintza eta betebehar guztiak bete ditugu. Hasiera hasietik haien eskutik joan gara, ibilbidea bera egokitu dugu inolako arazorik ez sortzeko, eta boluntarioek ahalegin handia egiten dute dena txukun txukun gera dadin. Askotan, lehendik zeuden zakarrak ere biltzen ditugu. Lasterketa amaitzen denean, Aldundiak urtero bere azterketa egiten du, neurtzen du kalterik sortzen ote duen. Eta ez da inoiz arazorik izan. Ingurunea maite dugu, zaindu beharreko altxorra da, jendeak ezagutzea, errespetatzea eta gozatzea nahi dugu. Hortik aurrera, ez daukagu askoz gehiago esateko. Iritzi guztiak errespetagarriak dira.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest