Dani Garcia andaluziarrak eta Eli Gordon kataluniarrak irabazi dute 2017ko Zumaia Flysch Trail mendi maratoia. Lehen zumaiarrak Mikel Etxeberria, Alberto Gorritiberea, Jonan Rodriguez eta Leire Baraibar izan dira. Maratoi erdian, Marc Trasserra eta Alizia Olazabal izan dira azkarrenak. Hemen kontsulta ditzakezue sailkapenak.

Lainotuta esnatu da gaur eguna, korrika egiteko eguraldi aproposa. Flysch Trail lasterketako bederatzigarren aldian parte hartzeko Beheko plazan bildu diren 700 korrikalariek eskertu dute freskura, lasterketaren erditik aurrera eguzkia agertu eta hezetasunarekin batera lanak zaildu zaizkien arren. Korrikalariak irteera marran abiatzeko amorratzen zeuden bitartean egin dira ekitaldiko omenaldiak. Juanito Oiarzabali aurrena, Jokin Lizeagari ondoren, eta Luis Alberto Hernando eta Maite Maiorari hirugarren txandan. Andoni Egañak kantatu dizkie bertso bana. 

Hernando, Oiarzanal, Lizeaga eta Maiora, aurtengo lau omenduak.

Eta denborarik galdu gabe, txalapartaren erritmoan Kandido Urangak irakurritako mezu zirraragarria entzun eta, 8:30ean, abiatu dira maratoiko korrikalariak. Hamar minutuko tartea utzita, itsuen txanda; eta azkenik, 9:00etan, maratoi erdikoak, kadeteak eta juniorrak.

Lasterketa nagusiko onenen artean tarte estua izan da izan azken txanpara arte. Balearretako Alejandro Forcadesek erritmo gogorra ezarri du Andutzen gora eta Ismail Razgari aurre hartu dio, baina atzetik ez ziren oso aparte Dani Garcia eta Abdelfatah Dalal Jirari andaluziarra. Salsamendiko gaina orden horretan gainditu dute, baina Andutzetik Zumaiara bueltan gauzak aldatu egin dira. Razgak erasoa jo du aldapan behera eta atzean utzi ditu aurkariak. Hala ere, atzetik aurrerako lasterketa egin duen Dani Garciak hobeto neurtu ditu indarrak eta pixkanaka gerturatu egin zaio Razgari, harrapatu arte. Razgak garesti ordaindu du ahalegina eta Garcia bakarrik iritsi da azken kilometroetara. Talaimendiko azken aldapa igo eta pozaren pozez sartu da helmugan. Lasterketa eta Espainiako Txapelketa irabazi ditu Garciak (3:33:05) gaur Zumaian. Razga izan da bigarren (3:34:56) eta Abdelfatah Jalal hirugarren (3:35:21).

Eli Gordon, Andutz aldean.

Emakumeen lasterketan Eli Gordon izan da onena (4:14:22), eta berak ere Espainiako Txapelketaren sari gehigarria lortu du gaur. Kataluniako selekzioko taldekide bat izan du aurretik maratoiko lehen erdian, baina hura erretiratu egin da eta Eli Gordonek ez du arazorik izan helmugan lehen postuan sartzeko. Bigarren Virginia Perez (4:29:25) lemoarra izan da, eta hirugarren Eva Bernat (4:29:55) valentziarra. Gordon pozik agertu da lortutako garaipenarekin, atzetik aurrerako lasterketa egin duela azaldu du, eta indarrez ondo iritsi dela helmugara. “Hezetasun handia egin du, eguzkia atera denean gehiago kostatu zaigu, baina nik ez dut gehiegi sufritu”. Lasterketan parte hartu duen lehen aldia izan da gustatu zaio ibilbidea. “Kataluniako Costa Bravan ere badaude halako ibilbideak, itsasoa eta mendia uztartzen dituztenak, eta asko gustatu zait”.

Dani Garcia: “Erlojuaren kontrakoa izan da niretzat”

Dani Garcia gizonezkoen irabazlea pozez zoratzen zegoen helmugan. Espainiako txapela gauza handia da andaluziarrarentzat, aurrez laugarren, hirugarren, eta bigarren izana baita. Zumaian bigarren parte hartzea zuen gaurkoa, eta gogoan zuen iaz lortutako bigarren postua. Orduan Razga gailendu zitzaion: “Iazko erreferentzia nuen gogoan. Banekien kostaldetik doan tartean korrika oso azkar egin daitekeela, baina erdialdeko tontorretan ahalegin handia egin behar da. Hasieran oso gogor atera dira Razga eta beste batzuk eta nik nahiago izan ditut indarrak neurtu. Ez diot postuari begiratu, gehiago izan da nire buruaren kontrako lehia, erlojuaren kontrakoa izan da niretzat. Azken tontorra gainditu dugunean (Salsamendi) eta kostalderantz aldapan behera abiatu garenean, Razgak erasoa jo eta aurrera egin du. Nik neure erritmoarekin jarraitu dut, banekielako azken kilometroetarako indarrak gorde ezean asko gal daitekeela. Zorionez asmatu egin dut. Harrapatu eta atzean utzi dut, eta Talaimendin ikusi dut garaipena nirea zela”.

Mikel Etxeberria zumaiar onena

Zumaiarren artean, Mikel Etxeberria izan da azkarrena, 74. postuan, 4:20:24ko denborarekin. Bigarren Alberto Gorritiberea (4:21:18) izan da, eta hirugarren Jonan Rodriguez (4:24:29). Emakumeen artean, Leire Baraibarrek 5:22:05eko denboran amaitu du lasterketa.

Maratoi erdian, Marc Traserra (1:27:50) izan da lehena gizonen artean, eta Alizia Olazabal (1:45:03) emakumeen artean. Zumaiar azkarrenak, berriz, Vanessa Galarraga (2:05:21) eta Jon Larrañaga (1:39:56) izan dira.