Hilaren 23an jokatuko da mendi lasterketa, baina kirol eta kultur jarduera ugari izango dira datorren astetik hasita. Martxa nordikoa jokatuko da lehenbizikoz larunbatean. [Baleike.eus-en argitaratuta]

Hilaren 23an jokatuko da XI. Flysch Trail mendi lasterketa, Zumaian. Atzo eman zuten aurtengo lasterketaren berri, Zelai hotelean egindako agerraldian. Hain justu ere, sei kategoriatan banatuko da aurtengo lasterketa: maratoiko parte hartzaileak eta promesak izango dira lehenak abiatzen, 08:30ean; orduerdi beranduago aterako dira Zazpi Probintzien Txapelketa jokatuko duten kadeteak, 09:15ean hasiko dute lasterketa maratoi erdiko distantzian eta junior mailan parte hartuko dutenak, eta, azkenik, 09:20an irtengo dira itsuak.

Flysch Traila igandean jokatuko bada ere, egitarau aberatsa antolatu dute lasterketaren bueltan. Bestelako kirol jarduerak ere izango dira asteburuan zehar; horien artean, aurten lehenbizikoz jokatuko den martxa nordikoko proba. Herri barruan bertan jokatuko da, eta 12 kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute 170 parte hartzaileek. Martxa nordikoa gero eta gehiago praktikatzen dela uste dute Flysch Trail elkarteko kideek; hori dela eta, martxa nordikoak bularreko minbizian, hilerokoan, haurdunaldian eta menopausian izan ditzakeen onuren inguruko solasaldia ere antolatu dute asteazkenerako, hilaren 19rako.

Haur eta gazteen artean mendizaletasuna bultzatzeko asmoz, eskalada topaketa eta orientazio ibilbidea ere izango dira larunbatean, hilaren 22an. Eskalada topaketen kasuan, 5 eta 16 urte bitarteko haurrek doan parte hartu ahal izango dute. Beheko Plazan izango da, 16:00etan hasita. Orientazio ibilbidea,berriz, kiroldegitik abiatuko da ordu berean. 5, 4 edo 2 kilometroko hiru ibilbideren artean aukeratu ahal izango da, eta Zumaiako herri eremuan zehar osatu beharko dute ibilbidea parte hartzaileek.

Berdintasuna, lehentasuna
Emakumeei kirola egiten lagundu eta parte hartze datuak hobetzeko, berdintasunaren aldeko apustua egin dute aurten Flysch Trail elkarteko kideek.

Emakumezkoei zuzendutako sei doako entrenamendu saio ireki egin dituzte otsailetik ekainera bitartean. Lehen lau saioetatik hirutan parte hartu dutenek ziurtatu ahal izan dute mendi lasterketarako dortsala. Zehazki, 61 emakume izan dira.

Berdintasuna lehentasuna mezua ere zabalduko dute bitarteko ezberdinen bidez, besteak beste, 2.000 kamisetetan, banderinetan eta irteerako pankartan. Horrez gain, kategoria guztietan emakumezkoen eta gizonezkoen podiumeko sariak berdinak izango direla jakinarazi dute.

Kategoria guztietako datuak kontuan izanda, 10 puntu igo da emakumezkoen parte hartzea iaztik: aurten, parte hartzaileen %28,81 izango dira emakumezkoak. Maratoi erdiko distantziako lasterketaren datua da esanguratsuena; hain zuzen ere, emakumezkoak % 17,11 izatetik % 28,20 izatera igaroko baitira aurten.

Elkartasun proiektua
Lasterketan emakumeen parte hartzea sustatzeko ekimenaz gain, arlo sozialean ere beren aletxoa jarri nahi dute Flysch Trail elkarteko kideek. Hori dela eta, Aspanogi, Sarabastall eta Markelen Irria elkarteek jasoko dute lasterketan bildutako dirua.

Aurtengo edizioan hasi dute Pakistango Sarabastall ekimenarekin elkarlana, hango nesken ikasketak diruz laguntzeko. Proiektu honi esker, 500 beka inguru bideratzen dira, neskek bospasei urteko ikasketak egin eta handik unibertsitatera joan daitezen.

Horietako sei beka hartuko ditu bere gain mendi lasterketak. Sei beka horiek Flysch Trailen parte hartuko duten emakumeen artean zozkatuko dira, aurrerantzean beraiek izango direlarik neska horien amabitxiak. Bekaren gastuak lasterketak hartuko ditu bere gain, eta amabitxiek neska horiekin hartu-emana izateko aukera izango dute, haien errealitatea ezagutzeko.

Gainera, Sarabastall ekimeneko hiru neska etorriko dira Zumaiara, hango bizimoduaren eta ekimenaren berri ematera. Bi aste egingo dituzte Zumaian, eta eskoletan hitzaldiak emateaz gain, Sebastian Alvarorekin grabatutako Niñas de Pakistan de la aldea de Hushé. Objetivo 8.000 bideoa ere aurkeztuko dute ekainaren 21ean. Izan ere, hiru neska hauek eskaladako proiektu batean murgildu dira, iaz 6.000 metroko mendi bat igo zuten, aurten 7.000koa igotzea dute helburu eta 2020an 8.000 milakoa.

Kirol egitaraua

Ekainak 22, larunbata

  • 10:30: I. Zumaia Flysch Nordic Walking Raking Fedme proba, Beheko plazatik hasita.
  • 16:00: II. Zumaia Flysch Gipuzkoako eskalada topaketa, Beheko plazan.
  • 16:00: II. Zumaia Flysch orientazio txapelketa, Beheko plazatik hasita.

Kultur egitaraua

Ekainak 19, asteazkena

  • 11:00: La vida de las niñas en el Karakorum de Pakistan. Objetivo 8.000 filma eskolako haurrentzat, Aita Mari aretoan.
  • 19:00: Martxa nordikoaren onurak bularreko minbizian, hilerokoan, haurdunaldian eta menopausian hitzaldia Cristina Gonzalez Castrorekin, Oxford aretoan.

Ekainak 20, osteguna

  •  19:00: ¿Y si te dijeran que puedes? filma, Aita Mari aretoan.

Ekainak 21, ostirala

  • 19:00: Niñas de Pakistan de la aldea de Hushe. Objetivo 8.000 film emanaldia, Aita Marin.