Lau entrenamendu saio antolatu dituzte; Gaindituz kirol eta osasun zentroak hartu du ardura. Proba guztiak kontuan hartuta, %19tik %29ra igo da emakumezkoen parte hartzea iaztik.

Aurten inoiz baino azkarrago korrituko da 2020ko Flysch Trail mendi lasterketa. Maiatzaren 3an beteko dira Zumaia inguruko zelaiak eta mendiak korrikalariz. Horren jakitun, eta berdintasunaren alde aurtean emandako urratsarekin jarraituta, emakumeei zuzendutako entrenamenduak egiten ari dira abenduaren 15etik aurrera.

Emakumeei zuzendutako prestakuntza proiektuaren baitan lau entrenamendu saio antolatu dira. Gaindituz kirol eta osasun zentroko lagunak ari dira saio hauek gidatzen, eta bertan emakumezkoek zein gizonezkoek parte hartu ahal dute. Ez da beharko aurrez izena ematea. Lau entrenamendu saio horietatik bi egiten dituzten emakumeek datorren urteko Zumaia Flysch Trail lasterketan dortsala  izateko eskubidea izango dute. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundia kirol sailak 30 dortsal doan jarriko ditu, eta entrenamenduetan parte hartu dutenen artean zozkatuko ditu.

Abenduaren 15ean, urtarrilaren 12an eta otsailaren 2an egin dituzte saioak. Hurrengoak martxoaren 15ean eta apirilaren 5ean izango dira. “Aurten aldaketak izango dira lasterketako zirkuituan, 2.250 metroko desnibeletik 3.000 metrora pasako baita, eta azken saio horretan probak zeharkatuko dituen leku berriak ezagutuko dituzte”, azaldu du Flysch Traileko arduradun Bosco Garitanok.

Aurten hasitako proiektuak emaitza ona eman duela dio Garitanok. Horren adibide da emakumeen parte-hartzea %19tik %29ra igo dela urte batetik bestera, proba guztiak kontutan hartuta: “haurren eskalada, familientzako orientazio saioak, mendi lasterketak eta ipar martxa. Eta ez hori bakarrik, adin guztietako jendeak parte hartzeko aukera ere ziurtatu du horrek”.

2020ko lasterketa maiatzaren hasieran egingo da, hilaren 3an, hain zuzen ere. “Maiatzaren 28an Zegamako (Gipuzkoa) proba jokatuko da, eta ekainaren 21ean Izaban (Nafarroa) Camille Extreme mendi lasterketa. Tartean jarriko bagenu, jende asko ez zen etorriko. Irailarera mugitzea ere pentsatu genuen, baina ordurako korrikalari asko nekatuta egongo lirateke”, dio Garitanok.

14 kilometroko eta 42 kilometroko lasterketak Munduko Kopako probak izango dira lehen aldiz. Eta ipar martxako 18,3 kilometroko proba ere Munduko Koparako puntuagarria izango da.