Uda hasieran jokatu izan dira Zumaia Flysch Trailaren orain arteko 11 edizioak, baina hamabigarrena udaberri betean jokatuko da, maiatzaren 3an.

Berrikuntzekin dator aurten ere Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Hasieratik izan du antolakuntza taldeak lasterketa hau nazioarte mailara eramateko helburua; aurten urrats handia egingo du bide horretan, Munduko Kopako proba izango baita. Zehazki, Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) ` antolatutako Munduko Koparen parte izango da. Hauek izango dira probak izango dituen txapelketa ofizialen izenak:

  • SKY RUNNER NATIONAL SERIES CHAMPION SHIP. Munduko Sky txapelketarako baliagarria.
  • INTERNATIONAL ASSOCIATION OF ATHLETICS FEDERATION (IAAF) MUNDUKO KOPA.
  • WORLD MOUNTAIN RUNNING CUP (WMRA).
  • REAL FEDERACION ESPAÑOLA DE ATLETISMO (RFEA) ESPAINIAKO KOPA – Maila absolutuan eta rankingean.

Nazioarteko zirkuituan sartu eta beste proba garrantzitsuekin talka ez egiteko, maiatzaren 3ra aurreratu da lasterketaren data. Horrela, Munduko Kopako lehena izango da.

Nazioarteko maila lortzeko maratoiaren ibilbidea gogortu egin dute eta orain ia 3.000 metroko desnibela gainditu beharko dute korrikalariek –aurrerago emango ditugu ibilbidearen xehetasunak–. Munduko Kopako proba izanda, atzerriko korrikalariak ikusi ahal izango ditugu Zumaian.

Maratoiaz gain, maratoi erdia eta 14,05 kilometroko lasterketa motza jokatuko dira. Azken hau ere Munduko Koparako puntuagarria izango da.

Eta Ipar Martxak ere bultzada handia izango du aurten, iazko estreinakoaren ondoren. Hau ere Munduko Kopako proba izango da aurten.