Urriaren 8an izango da Zumaia Flysch Trail lasterketa, eta aurtengo edizioak berritasun nagusi bat izango du: ibilbide motza. Hala, 23 kilometroko ibilbideaz gain, 15 kilometroko beste bat antolatu dute antolatzaileek. Horiek adierazi dutenez, asfaltoan korrika egiten dutenek mendian hasteko aukera bat eskaini nahi izan dute: “Duela urte batzuk egiten zen 14 kilometroko ibilbidea, beraz, ez da lehenbiziko aldia, baina honela, aukera berri bat eman nahi diegu asfaltoan korrika ibiltzen direnei. Izan ere, asfaltoan korrika ibiltzen denentzat gehiegizkoa zen ibilbide luzea, eta ez zen atrebitzen. Aldiz, 14 kilometrokoarekin pausoa ematera ausartuko direla uste dugu”, agertu du ibilbideen lantaldeko kide den Iban Iriondok.

Ibilbideetan aldaketak urtero egin diren arren, nagusiena aurten izan da: ibilbide ia guztia mendian egingo baita, herri gunekoa kenduta. “Ibilbideetatik zerbait nabarmenduko bagenu, ia dena mendian dela eta edozein unetan egin daitekeela izango zen. Santa Klarako pasabidea izan ezik, beste dena lur publikoetan dago, eta horrek asko errazten ditu entrenamenduak eta antolakuntza. Aurreko urteetan lan asko egin da baimenak lortzeko, eta aurten, egindako aldaketekin, hobekuntzak dituela uste dugu”, gaineratu du.

Hala ere, Zumaia Flysch Trail lasterketaren bereizgarri nagusiena paisaia da, lasterketa gutxi daude ingurune hobeagoarekin. “Zumaiaren paisaia eta ingurua ikusgarriak dira, eta horrek egiten du berezi gure lasterketa. Bi ibilbideetan gainera.  Luzean, adibidez, Mendata gehitu nahi genuen, izugarrizko parajea delako Zumaia eta Deba arteko gune hori. Lortu dugu aurten ibilbidean txertatzea kilometroak luzatu gabe. Arantzako gunea ere aipagarria da, ibilbide motzak zein luzeak amankomunean dute, eta hor zati berri bat sartu dugu; joan-etorria leku berdinetik egitea ekiditeko hartu dugu erabakia. Aurten itzulerako bide desberdina izango da aurten. Azkenik, ibilbide motza Talaimenditik igarotzea lortu dugu, zertxobait kostata, baina korrikalariak saritzeko modu bat da. Zati horretan jasotzen den giroak merezi du”, azaldu du Iriondok.

Aldaketa guztiak urriaren 8an ikusi ahalko dira, beraz, eta hoberako izango direla espero dute arduradunek: “Talde berria sartu gara antolakuntzan, eta aldaketa batzuk egin ditugu, onerako edo txarrerako diren lasterketa amaitutakoan jakingo dugu. Baina lehen urtea dugu, esperimentu bat izan da, eta lasterketak berak erakutsiko digu zer den hoberena”.