Zumaia Flysch Trail lasterketaren inguruko giroa goizean goiz hasiko da urriaren 8an. Korrikalariak batetik bestera ibiliko dira giharrak berotu nahian, eta festa 9:30ean lehertuko da, ibilbide luzeko lasterketa hasiko baita. Jarraian, 10:00etan, ibilbide motzeko korrikalariek ekingo diote lasterketari.

Berehala hasiko dira ibilbide luzeko lehen korrikalariak helmugaratzen, eta, ur tanten gisan, joango dira azken metroak korritzen. Hala, korrikalariak bi lasterketak amaitzen joango diren heinean, eta une horiek girotzen jarraitzeko, Zumaia Flysch Traileko arduradunek festa antolatu dute. Festa hori Odietako frontoian egingo da, 12:30etik 15:30era bitartean, eta soilik korrikalarientzat eta boluntarioentzat izango da: “Herritarrak ezingo dira bertan sartu. Horrela, korrikalariei txartela banatuko zaie dortsalarekin batera, festan sartu ahal izateko. Boluntarioak ere sartu ahalko dira, egiten duten lana eskertzeko modu bat da, beraiek gabe horrelako lasterketa bat ezingo baitzen antolatu”.

Modu honetan, janariaz, edariaz eta elektrotxarangaren musikaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta arduradunek dei egiten die korrikalariei eta boluntarioei bertan parte hartzera.

Sari banaketa

Festak irauten duen bitartean egingo da bi lasterketen sari banaketa, 13:45ak aldera, baina ez da karpa barruan egingo. Odieta pilotalekuaren kanpoan izango da sari banaketa.