Aurtengo Zumaia Flysch Trail lasterketaren berrikuntza nagusiena ibilbide motza egiteko aukera izan da. Antolatzaileek herritarrei korrikaz, kirolaz eta zumaiako inguruneaz gozatzeko aukerak biderkatu nahi zituzten, eta korrikalariek erantzun bikaina eman dute. Izan ere, 198 korrikalari atera dira 14 kilometroko ibilbidea egiteko.

10:00etan abiatu den lasterketan, beraz, 198 pertsona izan dira; 129 gizon eta 69 emakume, eta 88 herritar edo zumaiar. Festa giroan eta ikusleen babesean gauzatu dute ibilbidea, eta lehenbiziko gizonezkoa helmugaratzen Ibai Angulo azpeitiarra izan da, ordubete, 3 minutu eta 49 segundutan. Bigarren postuan etxeko korrikalaria helmugaratu da: Unai Barruetabeña, ordubete eta 7 minututan. Azkenik, hirugarren postuan Peio Ziarzolo errezildarra iritsi da, Barruetabeña baino 7 segundu gehiago behar izanik.

Emakumeen sailkapenari dagokionez, Ania Hernandez gasteiztarra izan da irabazlea, ordubete, 17 minutu eta 37 segunduko denborarekin. Bigarren eta hirugarren postuak zumaiarrentzat izan dira: Maite Urteaga (1:20:55) eta Jule Olaizola (1:21:39) hurrenez hurren.

Distantzia laburreko sailkapen absolutuko lehen zumaiarrei dagokienez, gizonezkoetan hiru lehenak, Peru Tolosa, Jorge Sainz eta Oihan Leon izan dira. Emakumeetan, aldiz, Carmela Peñalba, Leire Unanue eta Elixabete Arratibel.

Lasterketa motzako ibilbidearen sailkapenak hemen ikus daitezke.