Zumaia Flysch Trail lasterketa, herritik herriarentzat
Zumaia Flysch Trail lasterketaren ibilbidea leku ikusgarri eta berezi batean egiten da, Geoparkea eta flyschari esker. Urtez urte, milaka ikusle biltzen dira Zumaia inguruetan lasterketaz eta inguruneaz gozatzeko.
Ikuskizuna ondo joateko, ordea, dena ondo antolatuta izatea funtsezkoa da. Eta zentzu horretan, boluntarioak eta horien lana ezinbestekoak dira. Izan ere, atzetik dagoen lana izugarria da eta Zumaia Flysch Trailetik merezi duen garrantzia eman nahi diogu.
Zumaia Flysch Trail lasterketa udalak eta herritarrek elkarlanean antolatzen dute, herriko eragile desberdinek babesten dute, eta ehundaka boluntarioren lanari esker egiten da. Lasterketetan ere herritar ugarik parte hartzen dute. “Zumaiak zumaiarrentzat egindako lasterketa dela esan daiteke. Herritarren parte hartzea eta laguntza ikaragarrizkoa da: jende ugari behar da Zumaia Flysch Trail ondo joan dadin. Taldeetan banatu boluntarioak, horiei eginkizunak eman, ibilbideko eremu desberdinetan kokatu…. Herri izaera izateko helburua ezarri genion Flysch Trailari, balio bereziak dituen lasterketa izatea nahi genuen, eta zumaiarren laguntzari esker, lortu dugula uste dugu. Laguntza hori gabe ezinezkoa litzateke Zumaiako lasterketa, eta horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu denei”.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest