Larunbatean, maiatzak 17, zabalduko da aurtengo Zumaia Flysch Trail lasterketarako izen ematea. 10:00etan zabalduko da izena emateko, eta kronoak.com webgunearen bitartez egin beharko da. Azkeneko eguna, berriz, irailaren 28a izango da.

Udalak korrikalariekin eta boluntarioekin batera antolatzen duen lasterketa honetan bi proba izango dira aurten ere: 24 kilometroko lasterketa luzea, eta 14 kilometroko karrera laburra. Lehena goizeko 9:30ean abiatuko da Eusebio Gurrutxaga plazatik, eta bigarrena ordu erdi beranduago, goizeko 10:00etan.

Guztira, 650 korrikalarik izango dute ateratzeko aukera, honela banatuta: 400 lagunentzako lekua izango da proba luzean, eta 250 korrikalarik atera ahal izango dute laburrean. Izena emateko prezioei dagokienez, luzean aritzeko 25,75 euro ordaindu beharko dira, eta motzean, aldiz, 15,45 euro.

Izen-emate bereziak

14 urte eta 17 urte bitarteko korrikalariek (2025eko abenduaren 31n izango duten adina hartuko da kontuan) derrigorrezkoa izango dute adingabeen baimena izeneko dokumentua egoki bete eta izen-emate plataformara igotzea. Horrela ez bada, inskripzioa ez da onartuko.

Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketa proba inklusiboa izatea du helburu antolakuntzak. Hori horrela, edozein aniztasun funtzional duen pertsonak izena emateko aukera izango du. Bakoitzaren errealitatera hobeto egokitzeko izen emate eskaera egin beharko dute emailez, info@zumaiaflyschtrail.eus posta elektronikora, honako informazioa helaraziz:

  • Datu pertsonalak: izena, abizenak, adina, jaioterria, telefono zenbakia,…
  • Aniztasuna ziurtatzen duen agiria.
  • Proba egiteko dituen beharrak.

Behin datuak jasota, antolakuntza korrikalariarekin kontaktuan jarriko da nondik norako guztiak lantzeko eta parte-hartzea konfirmatzeko.

Erantzukizuna

Aurreko urtean azkar batean amaitu ziren 650 dortsalak. Gero, ordea, lasterketa egunean, beste probetan bezala, ez dira azaltzen izena emanda dauden guztiak. Askoren kasuan, lesioak eta azken orduko gorabeherak izaten dira ez azaltzearen arrazoia. Baina badira beste batzuk inolako arrazoirik gabe ez azaltzea erabakitzen dutenak, eta antolakuntzatik nabarmendu eta zabaldu nahi duten mezua hau da: badira hainbat korrikalari proba askotan izena ematen dutenak, izena emandakoan garbi ez dutenak lasterketan izango diren edo ez. Horrek badu ondorio bat, eta ondorengo hau da: mendi lasterketan benetan parte hartu nahi duten korrikalari batzuk dortsalik gabe geratzen direla. Horregatik antolakuntzak izena ematen duenak erantzukizunaz jokatzeko eskatu du, eta beste korrikalarietan ere pentsatzeko. Lasterketaren ezaugarriak eta nondik norakoak ikusteko, hona hemen aurtengo aurtengo araudia.