Gaur, ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da eta Flysch Trail lasterketak bat egiten du datarekin. Zumaia Flysch Trail lasterketa eredugarria nahi dugu izatea, izan ere, Zumaiako lasterketa Euskal Kostaldeko Geoparkean egiten da, munduko lekurik berezienetakoan. Entziklopedia baten antzera, Lurraren historiaren 60 milioi urte baino gehiago irakur daiteke flyschean. Jakin badakigu leku ikusgarri eta berezi horretatik korrika egitea oparia dela parte hartzaileentzat, horregatik, lasterketak horrela jarrai dezan, ezinbestekoa da proba bera eta ingurua zaintzea.

Horretarako, inguruarekiko errespetuzko jarrera izateko konpromisoa handitu du aurten Zumaia Flysch Trailek. Hala, lasterketan zehar erabat debekatuta egongo da edozein zabor mota lurrera botatzea; horretarako, anoa gune eta kontrol gune bakoitzetik 25 eta 50 metrotara zaborrontziak egongo dira eta parte-hartzaile guztien betebeharra izango da eremu hauetatik kanpo zaborrik ez botatzea. Eta, guztia hori kontrolatzeko, ingurumen boluntarioak eta epaileak egongo dira ibilbide guztian zehar. Gainera, araua betetzen ez duen korrikalaria, lasterketatik kanporatua izango da.

Bestetik, eta aurtengo beste berrikuntza gisa, antolakuntzak ez du edalontzirik jarriko anoa guneetan. Hori horrela, norberak eraman beharko du anoa gunetan edan ahal izateko edalontzia. Era berean, korrikalari bakoitzak eraman ditzakeen barra energetiko, gel edo antzerakoak dortsal zenbakiarekin izendatu beharko ditu. Zumaia Flysch Trail lasterketa jasangarria eta etikoa izatea nahi dugula berretsi nahi dugu, eta horregatik, iaz Etiketa Berdea manifestuari atxiki zen. Zertan datzan ezagutu nahi baduzu, hemen duzu aukera.