Bigarren entrenamendu saioa, larunbatean

Larunbatean, ekainak 28, egingo dugu bigarren entrenamendu saioa. Bertan parte hartu nahi dutenek 08:00etan egon beharko dute Lubaki kiroldegian, eta aurrez, izena eman behar dute honako esteka honetan.
Bi ibilbide landuko dituzte; batean, lasterketa motza egin behar dutenek Elorrixa aldetik egingo dute korrika, guztira hamar kilometroko ibilbidea eginez, 300 metroko desnibel positiboarekin. Entrenamenduak 90 minutu iraungo ditu.
Ibilbide luzekoek, aldiz, Arantzatik zehar ibiliko dira, 15 kilometroko ibilbidea gauzatuz, eta 400 metroko desnibel positiboa duena. Saio horrek, berriz, 100 minutu iraungo ditu.
Zozketa
Gainera, eta aurreko urteetan egin bezala, aurtengo saioetan parte hartzen duten emakumeen artean 20 dortsal zozkatuko dituzte. 20 dortsal horietatik, 5 lasterketa luzerako izango dira, eta gainontzeko 15ak, aldiz, irabazleek aukeratuko dute lasterketa luzeko edo motzeko dortsala nahi duten. Zozketako irabazleek dortsala ordaindu beharko dute ondoren. Zozketa azken-aurreko entrenamenduaren ondoren egingo da, hau da, bosgarren saioan, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da bostetik hiru saiotan, gutxienez, parte hartzea. Zozketan parte hartuko dute aurretik dortsalik lortu ez duten korrikalariek bakarrik.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest