Zumaiako Udalak gaur eguerdian aurkeztu du aurtengo Flysch Trail Mendi Lasterketaren 16. edizioa, zeina urriaren 5ean ospatuko den. Aurten, korrikalariek bi modalitate izango dituzte: 24 kilometrokoa eta 14 kilometrokoa.

Antolakuntzak azpimarratu duenez, azken hiru edizioetan bezala, boluntario talde handia arituko da laguntzen; zehazki, 225 lagun inguruk. Aurkezpena Santa Klara nekazal etxean egin dute, eta bertan nabarmendu dute protagonista nagusiak direla korrikalariek eta boluntarioek.

Lasterketaren ibilbideak eta ordutegia

Bi modalitateetan ibilbideak iazkoaren berdinak izango dira:

  • Luzea: 24 km eta 1.007 metroko desnibel metatua. Hasiera: 09:30.
  • Laburra: 14 km eta 487 metroko desnibel metatua. Hasiera: 10:00.

Berrikuntzak eta jasangarritasuna

Aurten, ingurumena zaintzea izango da lehentasun nagusietako bat. Edalontzirik ez da banatuko anoa guneetan, eta korrikalariek bere edalontzia ekarri beharko dute, zabor gutxien sortzeko. Helmugan, ontziak eta antzeko hondakinak zaborrontzietan botatzea eskatu dute, aurreko urteetan pilatutako zikinkeria ekiditeko.

Gainera, korrikalarien poltsa jasangarrietan herriko ekoizleen produktuak egongo dira, eta sari-banaketan ere horrelako produktuak eta herriko negozioen zerbitzuak zozkatuko dira, herriko ekoizpena eta kontsumoa sustatzeko.

Aniztasun funtzionala eta inklusioa

Aurtengo berrikuntza nabarmenetako bat da aniztasun funtzionala duten pertsonentzako zerbitzua. Antolakuntzak haien beharrak aztertu eta erantzun egokia eman die, lasterketan parte hartzen duten guztien inklusioa bermatzeko.

Helmugan festaz eta jan-edanez

Lasterketa amaitu ondoren, anoa gune beroa izango da Beheko plazan 12:00etatik aurrera, korrikalarientzat eta boluntarioentzat. Bertan, jan-edan doan eskainiko zaie: txorizo egosia, hanburgesak, rissotoa, lasaña begetarianoa eta garagardoa, besteak beste. Sari-banaketa 13:45ean izango da.

Antolakuntzak azpimarratu du Flysch Trail festa eta komunitate ekintza dela, non kirolaz gain, boluntariotza eta herriko ekoizleen sustapena ere garrantzitsua den. Korrikalariek eta boluntarioek, urteetan bezala, lasterketaren oinarri filosofikoak bizirik mantentzen dituzte: kirola egitea, ingurumenaren zaintza, herriko ekoizpena sustatzea eta komunitatean parte hartzea.

Larunbatean, Kilian Jorneten Fundazioarekin, Running Minds ekimena Mendi Lasterketan

Berrikuntzen artean, larunbatekoa ere badago. Lasterketa egunaren bezperan, bat egingo dute Kilian Jornet Fundazioak, Nnormal mendi lasterketetako zapatilak (hau ere Jornetek sortua), Flysch Trail Mendi Lasterketak eta Zelai Talasoterapia-Hotela. Running Minds ekimena egingo dute, eta helburua da ingurumenaren zaintzaren inguruko kontzientziazioa sortzea.

Horretarako, ekimen zehatza dago antolatuta. Zelai Talasoterapia-Hotelean elkartuko dira parte-hartzaileak, eta Running Minds zer den azalduko zaie, Kilian Jornet Fundazioaren berri ematearekin batera. 9:00etan emango zaio hasiera, aurkezpenekin, eta 9:15ean, Nnormal zapatilekin testa egiteko oinetakoak banatuko dira. Ibilaldi gidatua izango da gero, ekimenaren oinarria, eta 9:30ean hasiko da. Zortzi kilometroko buelta izango da, saltaka poliki edo oinez egitekoa: Zelai-San Telmo-Santa Klara-Elorriaga-Algorri-Zelai. Hiruzpalau geldialdi egingo dituzte bidean, eta horietan azalpenak emango dituzte bi adituk: Izaskun Zoritak, Itsasoaren eta Itsasertzaren Kudeaketan ikertzaileak, eta Gonzalo Torre biologoak eta Geoparkeko Ingurumen koordinatzaileak. Ibilaldiaren amaieran, hamaiketakoa izango da Zelai Talasoterapia-Hotelean.