Flysch Trail lasterketa festan amaituko da

Azken urteetan bezala, aurtengo Flysch Trail lasterketa festa giroan amaituko dute parte hartzaileek eta boluntarioek. Izan ere, Beheko plaza anoa gune berezia izango da: “Festa giroan bukatu nahi da aurten ere lasterketa, ospatzeko modukoa delako hainbesteko ariketa kolektiboa egitea. Herrigintza ariketa handia izaten ari da aurten ere, eta antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkie dena ondo joan dadin lanean aritu diren, ari diren eta ariko diren boluntario guztiei. 225 lagun inguru dira, eta bada zerbait, besteentzat musutruk lan egitea eta besteei laguntzea onenean ez dagoen garai hauetan. Korrikalariak ere nabarmendu egin behar dira, nola ez. Haiek daude jarrita lasterketaren lau oinarri filosofikoen erdi-erdian, eta horiek dira kirola egiteaz gain, kirola egitearen onurak zabaltzen dituztenak urtez urte”.
Hala, anoa gune berezia eguerdian irekiko da, eta jan-edana doan izango dute korrikalariek eta boluntarioek: txorizo egosia, hanburgesak, risottoa, eta lasagna begetarianoa eta garagardoa, besteak beste. Arduradunek korrikalariak eta boluntarioak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest