Ingurumenaren zaintzaren inguruko kontzientziazioa sortzeko helburuarekin, Kilian Jornet Fundazioak, Flysch Trail Mendi Lasterketak eta Zelai Talasoterapia-Hotelak Running Minds ekimena egingo dute larunbatean. Zelai Talasoterapia-Hotelean elkartuko dira parte-hartzaileak, eta Running Minds zer den azalduko zaie, eta 9:15ean, Nnormal zapatilekin testa egiteko oinetakoak banatuko dira. Ibilaldi gidatua izango da gero, ekimenaren oinarria, eta 9:30ean hasiko da. Zortzi kilometroko buelta izango da, korrika lasaiean egiteko: Zelai-San Telmo-Santa Klara-Elorriaga-Algorri-Zelai.

Hiruzpalau geldialdi egingo dituzte bidean, eta horietan azalpenak emango dituzte bi adituk: Izaskun Zoritak, Itsasoaren eta Itsasertzaren Kudeaketan ikertzaileak, eta Gonzalo Torre biologoak eta Geoparkeko Ingurumen koordinatzaileak. Ibilaldiaren amaieran, hamaiketakoa izango da Zelai Talasoterapia-Hotelean.

Parte hartzea guztiz irekia da, baina Kilian Jornet Fundazioaren ekimenean parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute hemen.