Eliteko korrikalariak izango dira igandeko lasterketan
Atzo aurkeztu genuen XIII. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Igandean jokatuko da proba, 10:00etan hasita Gurrutxaga plazatik, eta parte-hartzaileek 22, 2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, eta WMRA Munduko Kopako puntuagarria izango da. Guztira, 700 korrikalari izango dira, horietatik 250 zumaiarrak, eta eliteko kirolariak ere izango ditugu: Oihana Kortazar, Borja Fernandez, Raul Criado, Charlotte Cotton, Ismail Razga edota Sophie Daly. Beraz, “marka berria egingo balute ez ginateke harrituko”.
Proba amaitutakoan, 13.00etan, omenaldia egingo zaie Zumaiako Indamendi bazkunari eta Joxe Mari Azpiazu mendizale azpeitiarrari. Indamendi elkarteak 50 urte beteko ditu hurrengo urtean, eta omenaldi honen bidez urteetan egindako lana goraipatu nahi du Zumaia Flysch Trailek. Izan ere, Zumaia herri txikia den arren, zaletasunari dagokionez, markak apurtzen ari da elkartea; 320 bazkide ditu. Bestetik, Jose Mari Azpiazu mendizaleak, gazte-gaztetatik mendiko hainbat proiektu garrantzitsutan parte hartu du; besteak beste, 1976an Salcantayrako espedizioan, edo, 1980an, Everesteko euskal espedizioan.
Flysch Trail Kulturala egitasmoaren baitan liburu aurkezpenak egingo dira larunbatean. Joxe Mari Azpiazuk Sebastian Alvarorekin batera egindako La vida en el limite de la vida aurkeztuko du; Alvaro berak Everest 1924; Juanjo San Sebastianek Cuanto es mucho tiempo; eta Juanito Oiarzabalek El placer de alcanzar la cumbre. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, Aita Mari zine aretoan.
Aurkezpenaren amaieran liburuak erosteko aukera izango da, eta, nahi izanez gero, autoreek sinatuko dituzte.
(Argazkia: Baleike – Juan Luis Romatet)
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest