Robert Loic eta Lucy Wambui nagusitu dira XIII. Flysch Trail mendi lasterketan
Iaz baino askoz ere eguraldi hobearekin, 611 korrikalarik ekin diote gaurkoan XIII. Flysch Trail lasterketari. Goizeko 10:00etan atera dira korrikalariak Beheko Plazatik, eta aurreko urtean ez bezala, gaurkoan maratoi erdia bakarrik izan da Zumaian, 22,2 kilometrokoa. Gainera, iaz bezala, Munduko Koparako puntuagarria ere izan da gaurko lasterketa, urrezko kategorian
Sailkapenari dagokionez, Robert Loic frantsesa izan da lehenengoa helmugaratzen gizonezkoetan. Atzo Anbotoko Kilometro Bertikala irabazi ostean, gaurkoan ere beste garaipen bat eraman du etxera Loicek. Hain zuzen, ordubete, 28 minutu eta 41 segundo behar izan ditu helmugara iristeko. Lehenengo postuan sailkatzearekin gutxi ez, eta errekorra ere ondu du frantsesak. Txapeldunak adierazi duenez, “ilusio berezia” egin dio gaurko lasterketa irabazteak, eta gaineratu du “sasoi onean” sentitzet dela lasterketak egiten jarraitzeko.
Bigarren sailkatu da aurreko urteko txapeldun Raul Criado. Aragoiarrak atzetik jarraitu dio frantsesari lasterketa osoan, baina ezin izan du aurreratu, eta horrenbestez, bigarren postua eskuratu du gaurkoan, proba ordubete, 33 minutu eta 7 segundotan amaitu ondoren. Aurreko urteko txapeldunak azaldu duenez, “tripetatik gaizki” ibili da azken egunetan, eta horregatik, ez du lortu gaurkoan nahi izan duen lekua. “Atzera begira nengoen denbora osoan, eta nire helburua zen bigarren mantentzea”, gaineratu du.
Hirugarrena izan da Hassan Ait Chau villabonatarra. Lasterketa erdialdera arte laugarren zioan, Borja Fernandezen atzetik. Azaldu duenaren arabera, hasieran “asko kostatu” zaio erritmoa hartzea. Hala ere, azken zatian “barruan gordetako indarrak” atera, eta “asko kostatutako” hirugarren postuan sailkatzea lortu du.
Emakumezkoen txapela, Kenyara
Emakumezkoen kasuan, Lucy Murigi keniarra izan da lehena helmugaratzen, ordubete, 39 minutu eta 59 segundotan. Korrikalariak azaldu duenez, “oso indartsu” sentitu da lasterketa osoan zehar, eta “une oro” lasterketa “pila bat disfrutatu” duela adierazi du.
Bigarren sailkatu da Oihana Kortazar elgetarra. 2019an irabazi zuen azkenekoz proba, eta aurreko urtean bigarren helmugaratu zen. Aurten, berriz ere, ezin izan du lehen postuan sailkatu, baina bigarren sailkatu da, 1:43:44ko denbora eginda. Elgetakoak adierazi duenez, gaurkoan ez zeukan “erabateko konfiantza” bere buruarengan, eta horregatik, nahiago izan du erritmoa mantendu eta bigarren postuari eustea.
Podiuma osatzen hirugarrena Camilla Mogliano italiarra izan da. Kortazarren atzetik ibili da denbora osoan. Zortzigarren kilometroan, adibidez, hiru segundo atzetik ibili da Mogliano, eta hamabigarren kilometroan, aldiz, pare-parean ibili dira biak. Esperientzia “zoragarritzat” jo du italiarrak, eta gaurkoan Kortazarren gainean ibili bada ere, “arerioetan ez pentsatzea nahiago” duela adierazi du, bere lanean zentratzeko.
Zumaiarrei dagokienez, Iban Iriondo izan da helmugaratzen lehena gizonezkoetan (1:42:02), eta Nerea Urteaga emakumezkoetan (2:08:15).
Hemen ikusi daiteke sailkapena osorik.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest