Zaid Aidek eta Oihana Kortazarrek irabazi dute IV. Flysch Trail
Said Aidek (Andaluziako selekzioa) eta Oihana Kortazarrek irabazi dute 2012ko Flysch Trail mendi lasterketa, 2012ko Espainiako Kopako azken aurreko proba puntuagarria. Kortazarrek lasterketa bikaina egin du, eta iaz Ana Condek ezarritako marka ia bost minutuan ondu du: 2:40:56 da marka berria –500 euroko gainsaria eskuratu du–. Condek gogo handia zuen gaur Kortazar estu hartzeko, baina lasterketa hasi eta ia berehala erretiratu egin da, belauneko minez. Gizonezkoen lasterketan, Said Aidek erakutsi du proba azkarretan ederki moldatzen dela.
Islamak agindutako baraualdian (ramadam-a) egokitu zaio Said Aidi (Andaluziako selekzioa) gaurko lasterketa. “Goizeko bost eta erdietan jaiki naiz. Ahalik eta ur gehien eta frutak jan ditut, gero, egun osoan debekaturik baitugu. Lasterketa osoa ezer edan edo jan gabe egin dut, baina irabazteko gai izan naiz”. Korrikalari txikia eta arina da Aid. Aldapa luzetan baino askoz hobeto moldatzen da aldapa motzetan. “Ibilbidea oso egokia da nire ezaugarrientzat. Aldapa asko eta gogorrak daude, baina motzak dira. Oso lasterketa azkarra da eta hustuta iristen zara helmugara”.
Lasterketari irteera eman zaionetik buruan kokatu da Aid. Mendatarainoko bidea El Hajib Bouali (Aragoiko selekzioa) eta Pedro Jose Hernandezekin egin du, baina handik aurrera erritmoa bizitu eta bakarrik jo du aurrera. Aldeari eusteko gai izan da, eta Beheko plazako helmugan 27 segundoko aldea atera dio bigarren sailkatu den Dani Tristanyri, eta 1:05 Toni Roldani (Balear Irletako selekzioa). Aiden denbora: 2:19:06.
Kortazarrak, erraz
Oihana Kortazar eta Ana Conderen arteko lehia estua espero zen aurten emakumezkoen lasterketan. Oihanak 2009ko estreinako lasterketa irabazi zuen, eta azken biak Ana Condek. Baina lehiarik ez da izan, Ana Condek lasterketa bertan behera utzi behar izan baitu, belauneko minez. Gasteiztarra lur jota zegoen, Zumaian saio ona egiteko gogo handia baitzuen.
Conde jokoz kanpo, Kortazarrek lasaiago egin ahal izan du lasterketa. Baina ez du, inolaz ere, erritmoa jaitsi. “Azken aldian ezin izan dut asko korritu, orkatileko bihurdura bat ondo sendatu ezinik ibili naiz, eta horrek azkenean mesede egin dit, indarrez eta gogotsu iritsi naizelako probara. Condek lasterketa utzi duela jakin arren, saio ona egiteko gogoa neukan eta oso gustura egin dut korrika”. Hain gustura, probako marka ere ia bost minutuan ondu duela. Eva María Moreda (Balear Irletako selekzioa) bigarren sailkatuari sei minututik gorako aldea atera dio, eta Vanessa Bataller (Aragoiko selekzioa) hirugarrenari 13 minutukoa.
Sub23 mailan, Oscar Arroyo izan da irabazlea; juniorren artean, Ander Etxabe.
Iban Iriondo eta Leire Atxutegi zumaiar onenak
Zumaiarren artean, Iban Iriondo izan da gizonezkorik azkarrena. Txirrindulari ohiarentzat debuta izan da mendiko probetan, eta denbora bikaina egin du: 2:45:16. Sailkapen orokorrean 51. izan da. Emakumeen artean, Leire Atxutegi izan da azkarrena, sailkapen nagusiko seigarrena (3:02:10).
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest