Flysch Trail lasterketa aurkeztu dute prentsaurrean
Flysch Trail mendi lasterketaren zazpigarren edizioaren aurkezpena egin zen atzo prentsaren aurrean.
Erakunde publiko eta hamaika babesleren ordezkariak ere bildu ziren atzo eguerdian Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan, aurtengo lasterketaren berrikuntzak lehen eskutik ezagutzeko. Zumaia flysch Trailek nazioarteko maila izango du aurten, ISF erakundeak antolatzen duen Skyrunner National Series txapelketako parte izango baita. “Zegamako lasterketa Champions-ean badago, gu aurten UEFAra igo gara”, azaldu zuen antolaketa taldeko buru Bosco Garitanok.
Mailaz igotzeko ibilbidea luzatu eta gogortu egin behar izan dute. Aurten maratoiko distantzia izango du lasterketa nagusiak (42,2km) eta maratoi erdikoa lasterketa laburrak. Eta Andutz mendia sartu dute tartean. “Lasterketa hau beti izan da oso azkarra, ez zuelako mendi garairik tartean. Aurten Andutz sartu dugu eta horrek asko baldintzatuko du lasterketa planteatzeko modua”, azaldu du ibilbideko arduradun Iñigo Saenzek.
Ibilbidea luzatzean, baliabide gehiago behar izan dira dena ondo antolatu ahal izateko. Horrela, aurten 300 boluntario baino gehiago izango dira lanean lasterketaren egunean, horien artean Andutzeko zatia zainduko duen Itziarko talde bat. Korrikalarien osasunaz arduratuko den 17 lagunez osatutako talde profesionala osatu da, eta bost anbulantzia egongo dira erabilgarri.
Parte-hartzaileei dagokienez, hauek dira dagoeneko aurrera daitezkeen izen batzuk: gizonezkoetan, Bryan McPerson estatubatuarra, Andre Filipe Castro portugaldarra, Zaid Ait Malek marokoarra, Manuel Merillas, Alfredo Gil, Raul Garcia eta Antonio Alcalde espainiarrak, eta Egoitz Aragon, Iker Oliveri, Iban Letamendia, Imanol Larrañaga eta Iñaki Uribeetxeberria euskaldunak; emakumeen artean, Irina Strugova errusiarra, Azahara Garcia espainiarra, eta Oihana Kortazar eta Montse Vazquez euskaldunak. Proba Munduko sailkapeneko puntuagarria da.
Antolatzaileek adierazi dutenez, aurrera begira Europako Txapelketan sartzea da lasterketaren helburua.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest