Kluben arteko Espainiako Txapelketa jokatuko da aurten
Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren VIII. edizioa datorren uztailaren 3an jokatuko da. Joan den urtean bezala, aurten ere maratoiko distantzian jokatuko da, eta maratoi erdia ere egongo da korrikalari herrikoientzat eta gazteentzat. Aurten kluben arteko Espainiako Txapelketa jokatuko da, eta hauentzat apirilaren 1ean zabalduko da izena emateko epea.
Estatuko korrikalari onenak izango dira aurten Zumaia Flysch Trail lasterketan, kluben arteko Espainiako Txapelketa jokatzeko aukeratu baitute. Gizonezkoen 35 klub espero dira eta emakumezkoen zortzi, bakoitzak zortzi korrikalari ekartzeko aukera izango duelarik. Guztira, asteburuan Zumaiara 600 lagun inguru etorriko direla aurreikusi da.
Klubek apirilaren 1etik maiatzaren 1era izango dute proban izena emateko aukera. Gutxienez lau korrikalari ekarri beharko dituzte, eta gehienez zortzi. 350 dortsal gorde dira klubentzat. Federatu bakoitzeko 28 euro ordaindu beharko dira, eta ez federatuek 35.
Maiatzaren 2tik ekainaren 29ra zabalduko zaie izena emateko aukera gainontzeko interesatuei,maratoirako zein maratoi erdirako. 150 dortsal gorde dira maratoirako eta 200 maratoi erdirako. Ez federatuek 25 euro ordaindu beharko dituzte eta federatuek 20.
Izen ematea www.kirolprobak.com webgunearen bidez egin behar da.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest