Bueltan da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa, igandean jokatuko da probaren hamabigarren edizioa, bi distantziatan banatuta: maratoia eta maratoi erdia. Antolatzaileek dena prest dute probarako, eta eskuragarri jarri ziren 700 dortsalak agortu dira. Beraz, 700 korrikalarik parte hartuko dute igandean: 120 maratoian, eta gainontzekoak maratoi erdian.

Bestalde, emakumeen presentzia ere nabarmena da. Izan ere, mendi lasterketan emakumeen parte hartzea sustatu nahian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Saila eta Flysch Trail elkarlanean hasi ziren orain hiru urte. Horretarako, entrenamenduen plangintza bat prestatu zuten, eta saio hauetatik kopuru jakin bat egiten zutenek lasterketan parte hartzeko txartela lortuko zuten. Proposamenak arrakasta izan du, eta hiru urteko epean emakumeen parte-hartzea hogei puntu igo da, %15etik %35era.

Iazko lasterketa bertan behera uzteko arrazoi nagusia izan zen erantzukizuna, eta, aurten ere, erantzukizuna ardatz hartuta, Covid-19aren aurkako osasun neurriak hartu dituzte. Horien artean, irteeran izango da aldaketa handiena: ehuneko multzoetan abiatuko dira korrikalariak, bost minutuko aldearekin. Gainontzeko neurriak hemen kontsultatu ditzakezu.

Azkenik, igandean Zumaiara gerturatu ezin dutenek eta lasterketa jarraitu nahi dutenek, esteka honetatik zuzenean jarraitzeko aukera izango dute.

Amaitzeko, maratoi erdian edo maratoian parte hartuko duten korrikalariei zorterik onena opa diegu!