Zumaia Flysch trail lasterketa urriaren 2an jokatuko da, eta ohiturari jarraituz, ondoren, 13:30ean omenaldia egingo dute lasterketako arduradunek. Aurten, Zumaiako mendi elkartea den Indamendi eta Jose Mari Azpiazu mendizale azpeitiarra izango dira omenduak.

Indamendi elkarteak 50 urte beteko ditu hurrengo urtean, eta omenaldi honen bidez urteetan egindako lana goraipatu nahi du Zumaia Flysch Trailek. Izan ere, Zumaia herri txikia den arren, zaletasunari dagokionez, markak apurtzen ari da elkartea; 320 bazkide ditu. “Gainera, elkarteko kideak boluntario aritzen dira herriko hainbat ekitalditan; horren adibide da Zumaiako Flysch Trailekin mendi taldeak izan duen elkarlana. Indamendi Mendi Bazkunak herriarekin bat eginda jarraitzen du gaur egun, eta horrela, beste 50 urte betetzeko bide zuzenetik doala erakutsi du”.

Bestetik,  Jose Mari Azpiazu mendizale azpeitiarra ere omenduko dute. Gazte-gaztetatik, mendiko hainbat proiektu garrantzitsutan parte hartu du Azpiazuk; besteak beste, 1976an Salcantayrako espedizioan, edo, 1980an, Everesteko euskal espedizioan, Joxe Takolorekin batera. Takolok, Azpiazuk eta Josu Bereziartuak altuerako alpinismoa praktikan jartzeko modu berri bat sortu zuten, ezagunagoa eta benetakoagoa: garbiagoa, oxigeno artifizialik gabekoa eta xerpen esku-hartzerik gabekoa.

Aurtengo omenduei buruz gehiago jakin nahi baduzu, hemen duzu informazioa.