Aurten ere, Flysch Trail-a prestatzeko saioak egingo dira
Flysch Trail lasterketan azken urteetan aurrerapauso handiak eman dira: distantzia motzeko emakumeen parte-hartzea %46ra iristera lortu da. Hala ere, distantzia luzean oraindik %19 inguruan dago, horregatik beharrezkoa da pausoak ematen jarraitzea. Horrenbestez, antolakuntzak Luzera Saltoa taldea sortu du. Taldearem helburua oso sinplea da: motzetik luzera pausoa eman nahi duten emakumeei bidea erraztea, modu seguruan, progresiboan eta elkarrekin.
Zer egingo dugu?
– Emakumez osatutako talde bat sortu
– Entrenamendu espezifikoak eta irekiak uztartu
– Ibilbideko zatiak ezagutu, errespetua gutxitzeko
– Pixkanaka distantzia eta desnibela handitu
Apiriletik irailera entrenamenduak egingo ditugu: hasieran hilean behin (apirila-maiatza), eta udan, aldiz, astean behin (ekaina-uztaila eta iraila), pausoz pauso konfiantza hartzeko.
“Ez da beharrezkoa maila altua izatea. Garrantzitsuena erronkari aurre egiteko gogoa da! Hemen elkar animatzeko, zalantzak partekatzeko eta bidea elkarrekin egiteko gaude. Beraz, eman dezagun saltoa elkarrekin!”, agertu dute arduradunek.
Animatzen bazara edo informazio gehiago nahi baduzu, idatzi ezazu posta elektronikoa info@zumaiaflyschtrail.eus helbidera edota deitu 943-86 20 21 zenbakira.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest